ELAk salatzen du Hezkuntza Departamentuak ez duela benetako euskarazko murgiltze ereduaren aldeko apusturik egiten

2020/10/29
ELAk salatzen du Hezkuntza Departamentuak ez duela benetako euskarazko murgiltze ereduaren aldeko apusturik egiten
Lehiaketara atera diren 823 plazetatik 302 PAI programarako dira, % 36,69, iaz baino ia % 4 gehiago. Irakasleak ia behartuta daude hizkuntza-titulua ateratzera, ehunka funtzionario lekualdatuak izan dira titulua ez izateagatik, eta duten askok ez dute lanpostu horietan lan egin nahi, programa sortzen ari den arazoengatik.

2020/2021eko lekualdatze-lehiaketan eskainitako plazen herena baino gehiago Atzerriko Hizkuntzen Ikaskuntzarako Programetara bideratzen dira. Gogoratu behar dugu programa horiek gero eta gehiago kritikatzen direla Estatuan, bai irakasleei bai ikasleei eragiten dizkieten kalteengatik. Konfinamenduan argi geratu zen programa horiek hezkuntza-arrakala handitzeko duten eragina. Gainera, ez dira eredu bat ere gure hezkuntza-sisteman (A, G edo D bezala), eta gaur egun legez kanpokoa da atzerriko hizkuntzaren titulua eskatzea funtzio publikoan sartzeko. Logikoa denez, hizkuntza-irakasle espezialistarentzat bakarrik eska daiteke.

Hori gutxi balitz, Departamentua PAI plazak iruzur eginez sortzen ari da. Irakasgai batean irakastorduen 2/3 atzerriko hizkuntzan ematea nahikoa da plaza hori PAI bihurtzeko. Aldi berean, espezialitate bereko lanpostu "arruntak" (atzerriko komunikazio-hizkuntza erabiltzen ez dutenak) gutxitzen ari dira lanpostu horien titularrak diren funtzionarioak lekuz aldatuz. Adibidez, 2020/2021eko ikasturtearen lekualdatze-lehiaketan, A/G ereduan 4 plaza baino ez dira atera Haur Hezkuntzan eta 22 Lehen Hezkuntzan; PAI ereduan, berriz, 101 plaza Haur Hezkuntzan eta 152 plaza Lehen Hezkuntzan, benetako desproposamena.

Iruzur pedagogiko hori kentzeko nabarmendu daitekeen beste paradigma bat 2019/2020ko lekualdatze-lehiaketa da. Haur Hezkuntzan A/G ereduan atera ziren 118 PAI plazetatik, 19 plaza baino ez ziren esleitu (%16,10); eredu berean, PAI Lehen Hezkuntzan, 146 lanpostutik 27 soilik esleitu ziren (%18,49); D ereduan, berriz, 10 plazetatik 1 bakarrik esleitu zen (%10).

Beraz, lehentasunezko tratamendua ematen zaie programa horiei, eta kalte egiten zaie hezkuntza-kalitateari, bai ikastetxeetan (bitartekotasun eta txandakatze handiagoa), bai langileen baldintzetan (irakastorduak galtzen ari dira eta PAI ez diren ikastetxeetara joan behar dute). Gainera, PAI plaza horiek tapoi handia sortu dute: ezin dira LEPean atera, eta langileek ez dituzte plaza horiek hartu nahi, ikastetxeetan sortzen duten kaosagatik. Azken batean, plaza gehienak bitartekoez betetzen dira urtez urte, horrek dakartzan ondorioekin. Ez dugu ahaztu behar irakasleen ia %50 behin-behinekoa dela gaur egun.

Bestalde, 341 funtzionariok behin betiko lanposturik gabe jarraitzen dute. Horietatik, behin betiko plaza lortzea zaila den espezialitate eta hizkuntzak nabarmendu daitezke. Adibide argia dira Lehen Hezkuntzako Gorputz Hezkuntzako espezialitateak (42 gaztelaniaz eta 27 euskaraz), Musika (25 gaztelaniaz eta 6 euskaraz) eta Pedagogia Terapeutikoa (49 gaztelaniaz eta 27 euskaraz).

ELAk Hezkuntza Departamentuari euskarazko benetako murgiltze ereduaren aldeko benetako apustua egiteko eskatu dio, Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programak kentzeko urratsak egin ditzala eta behin betiko destinoa ez duten funtzionarioei behingoz irtenbide bat eskain diezaiela.