Itunpeko hezkuntza: kontrol eskasa eta kostu txikiagoa langileen kalte

Nafarroako Kontuen Ganberak aurkeztu berri duen Itunpeko Hezkuntzaren Fiskalizazio Txostenean azaleratu da sare horretan lan egiten dugunok betidanik pairatu duguna: administrazioak itunen gainean egiten ez duen kontrola eta sareko kostu txikiagoa langileen bizkar doazela. Aldaketa gertatu zenetik hiru urte geroago Kontuen Ganberak gomendatu behar izan dio Hezkuntza Departamentuari 2015etik ezarrita egon behar zena, betiko beharrizana baitzen, eta Akordio Programatikoaren 4. puntuan baitzegoen.
Administrazio aurrerakoi bat ezin da ahaztu nafar ikasleen %40 artatzen duen pertsonalaz (nahiko feminizatua eta adindua), azpikontrata baten eskuetan utzi duelakotz. Alde horretatik zera dio Kontuen Ganberak: “irakasleek astean eman behar dituzten eskola-orduei dagokienez, ikastetxe publikoetan 20 ordu dira eta itunpekoetan 23; gainera, esparru publikoan patioa zaintzeko orduak eskola-ordu gisa zenbatzen dira, eta itunpekoan ez (...). Lansariak direla-eta, ikastetxe publikoetako irakasleen lansariak handiagoak dira, bai oinarrizkoak, bai norberarenak” (ELAk %15 txikiagoak direla kalkulatu ditu antzinatasun luzeko pertsonalarenean). Baldintza hauetan lana aurrera ateratzen dugu, mota guztietako lan gainkarga gero eta handiagoarekin.
Patronalek eta alboko eusle politiko, sindikal eta mediatikoek sare horretako eginkizuna eta kostu txikiagoa azpimarratu izan dituzte, eta baita lege-arauak betetzen dituela ere. Hezkuntza Departamentua ados dago haiekin guztiekin Itunpeko Irakaskuntzaren 2017ko Akordioaz geroztik (ELAk sinatu ez zuena, lan baldintzetan atzerapausua izateagatik) kontrol eta gardentasun handiagoak direlakoan. Baina Kontuen Ganberak hauxe dio txostenean: “aldaketa batzuk hasita badaude ere (...) ez dugu egiaztatu benetan aplikatu diren; hori dela-eta, ezin dugu ziurtatu kontrola egokia denik”, eta berariazko atal bat sortzea Hezkuntzan gomendatzen du, sarean urtero inbertitzen den diru publikoa kontrolatzeko, eta beraz zein gastu diren finantzatzeko modukoak argitzeko, pertsonala kontratatzeko prozedurak kontrolatzeko, enpresek gobernuari jakinarazten dizkioten pertsonalaren ordutegiak eta eginkizunak benetan betetzen diren egiaztatzeko, eta abar.
Erregimenaren hamarkadak iragan ondoren, 2015ean jende anitzek aldaketarako aukera bat ikusi zuen, eta hori bera gertatu zen Itunpeko Irakaskuntzaren barnean. Hauteskunde politikoek bertze hegemonia bat ekarri zuten Parlamentura, eta hauteskunde sindikalek patronalaren SEPNA sindikatuaren gehiengo osoarekin bukatu zuten, sektore horretan ELAk %60ko gorakada erdietsi baitzuen.
ELAk batzordeetan egin duen lana pertsonalaren egoera hobetzeko izan da, betidanik tabu izandako gaiak argitu nahian. Eta horiek izan dira, hain zuzen, Kontuen Ganberak aipatu dituen deskontrolak. Zenbat eskola-ordu jasotzen du ikastetxe bakoitzak ikasturte bakoitzean Hezkuntzak ordaindurik? Enpresek ez dute erantzunik eman, finantzazio publikoa badute ere. Hezkuntzari ere formalki, eskaera-inprimaki bidez, galdetu genion datu horretaz eta bertze puntu batzuez, gardentasunaren legearen babesean; eta lehendabiziko aldiz jaso genituen ikastetxe bakoitzari zegozkion datuak. Guk alderatu genituen, batetik, finantzaturiko orduen guztizko munta eta, bertzetik, irakasleria osoaren benetako ordutegian agertzen direnak, eta bazen ordu-kopuru bat, non ez dagoen jakiterik nork erabiltzen dituen eta nork kobratzen dituen; baina bertze era batera banatuko balitz, pertsonalaren lan-karga izugarria arinduko litzateke. Enpresak badaki horren berri, baina ez da gardena; Hezkuntzak ere bai, baina ez du ikuskatzen ea berarengandik nomina kobratzen dutenek ordu horiek benetan lan egiten dituzten.
Gauza jakina da sektorean heldu den urteko hauteskundeak ELAk irabaziko balitu, aldaketa gauzatuko litzatekeela eta lan-baldintzak eta soldatak hobetuko liratekeela. Guk zintzotasunez, engaiamenduz, ausardiaz eta independentzia politiko zein finantzarioaz jardun dugu patronalen, lehengo gobernuaren eta oraingo gobernuaren aitzinean; hori erraterik ez dute bertze batzuek. Nafarroako Itunpeko Irakaskuntzaren Hitzarmenaren alde jarraitu dugu ekinean, ikastetxeetan sinadura ugariko bilketak eginez, sindikatu guztietako jendearen sinadurak bilduz. Borroka honekin batera, ea Kontuen Ganberako txostenak baldintza duinak lortzen laguntzen digun.