Lan errentek 2007tik Ogasunari %18 gehiago ordaintzen dien bitartean, enpresen onurek % 63 gutxiago ordaintzen dute

2017/10/25
Lan errentek 2007tik Ogasunari %18 gehiago ordaintzen dien bitartean, enpresen onurek % 63 gutxiago ordaintzen dute
ELAren urteroko fiskalitateari buruzko txostenak diru-bilketa urria dela eta gero eta modu bidegabean egiten dela argi uzten du, gehien dutenek gero eta gutxiago ordaintzen dute

Gutxi biltzen da. Nafarroako politika fiskalak enpresen eta kapitalaren interesen alde egiten du. Nafarroa Europar Batasuneko azken tokietan dago presio fiskalari dagokionez. Nafarroako Ogasunak Europako bataz besteko presio fiskala berdinduko balu, Nafarroak 1.675 milioi euro gehiago izango lituzke bere aurrekontua egiteko (gaur egun 4.000 milioi eurotara iristen ez dena).

Diru-bilketa bidegabea da. Diru-bilketaren erdia baino gehiago zeharkako zergen bidez egiten da, hau da, denok berdin ordaintzen ditugun zergen bidez, norberaren ahalmen ekonomikoa kontuan hartu gabe. Eta errentaren arabera ordaintzen diren zergen artean, ia hiru laurdenak laneko errentetatik biltzen da.

Gainera, fiskalitatearen bilakaerak gero eta bidegabeagoa dela erakusten du. Zerga zuzenen bidez lan errentek askoz gehiago ordaintzeaz gain, alde hau gero eta handiago da. 2007 urtetik, lan errentei biltzen zaiena % 18 igo den bitartean, Sozietaten gaineko Zergaren bidez bildutakoa (onurak dituzten enpresek soilik ordaintzen dutena) %63,5 gutxiago izan da.

Fiskalitatearen inguruko eztabaidan pentsa arazi nahi da enpresak erakartzeko edota lehiakortasuna hobetzeko tresna izan behar dela. Baina argudio hau faltsua da. Sozietateen zerga dagoen moduan, mezu horretan tematzeak gauza bakarra esan nahi du: zuritzen jarraitu nahi da zerga-politika antisoziala, patronalaren interesen zerbitzura dagoena.

Fiskalitateak bi eginkizun nagusi ditu: behar den gastu publiko maila finantzatzeko beste baliabide bildu, eta nork zenbat ordaintzen duen modu zuzenean finkatu. Egungo egoera (zergapetze apala, iruzurra...) errotik aldatu behar da, inola ere; kontrako jarreren xedea da enpresek eta kapitalek zergarik ez ordaintzea.

ELAk fiskalitatearen debatea hauspotzen jarraituko du. Eta eutsi egingo die bere proposamenei: iruzur fiskalaren jazarpena eta azken hamarraldietan errenta altuei zein kapitalei egin zaizkien jaitsierak bertan behera uztea; proposamen hauek aurreko txostenetan jasota daude.

Irakurri txostena