Lan-istripuen aurkako berehalako neurriak eskatzen ditu ELAk

2022/03/19
Sakana S. Coop. enpresanko langile baten heriotzaren aurrean, enpresa horretan azken 7 urteetan hildako laugarrena, ELAk patronalari exijitzen dio plantillaren segurtasuna etekin ekonomikoaren gainetik lehenesteko, eta Nafarroako Gobernuari lan-baldintzak kontrolatzeko baliabideak areagotzeko.

ELAk jakin ahal izan duenez, langile bat (I.Z.S, 39 urte) hil da Lakuntzako (Nafarroa) Sakana S. Coop. enpresan, enkofratu-plataforma batek harrapatuta. Lehenik eta behin, ELAk babesa eta elkartasuna adierazi nahi die biktimaren senideei eta gertukoei, eta, aldi berean, ikerketa sakona egitea eskatzen du, ezbeharraren arrazoiak eta erantzukizunak zehazteko.

Azken 7 urteetan Sakana S.Coop. enpresan hil den laugarren langilea da. 2015eko ekainaren 26an, azpikontrata bateko langile bat hil zen, Lakuntzako lantegiko teilatua konpontzen ari zela. 2018ko martxoaren 15ean, beste langile bat (Y.L.A, 30 urte) hil zen lantoki berean, metalezko plataforma bat gainera erorita. 2019ko ekainaren 25ean, talde bereko Lakber Mecanizados enpresan beste langile bat hil zen, makina batek azpian harrapatuta.

Aurten honez gero gutxienez 2 pertsona hil dira lan-istripuz Nafarroan. 2012. urteaz geroztik, laneko ezbehar-tasak %30 egin du gora, eta laneko heriotzen %40 enpresek segurtasun-neurriak ezartzen ez dituztelako gertatzen dira. Horren aurrean, patronalak ez du erantzunik ematen, eta Nafarroako Gobernuak behin eta berriz bideratzen ditu baliabide publikoak Prebentzioko Lurralde Ordezkaria finantzatzera, ezeraginkorra dela jakin arren, eta NOPLOI eta Lan Ikuskaritza kolapsoaren ertzean mantentzen dituen bitartean.

Egoera horren aurrean, ELAk langileen segurtasuna onura ekonomikoaren aurrean lehenestea eskatzen du, eta baita ere elkarrizketa sozialeko politika ez-eraginkorrak bertan behera uztea, kontrolerako bitarteko publikoak areagotzeako helburuarekin. Aldi berean, langileei dei egin die antolatzeko eta mobilizatzeko, enpresetako eta lantokietako laneko ezbeharrak behin-betiko desagerrarazteko.