Landare-kontsebetako Hitzarmenean UGTk eginiko akordioak miseriako soldatak eta prekarietatea finkatzen ditu emakumeak gehiengoa diren sektore batean
Lorturiko akordioan (oraingoz UGTren aldeko sostenguaz bakarrik, mahaian gehiengoa baitu) soldata-igoera ñimiño bat baino ez da jaso. Akordio hori 2020 eta 2021. urteetarako da, eta %1eko soldata-igoera onartu da. Dena dela, KPI handiagoa balitz, soldata-berrazterketa eginen litzateke, baina beti ere %1,5eko mugarekin urte bakoitzean.
Negoziazioaren hasieratik UGT eta CCOO sindikatuek bertan behera utzi dituzte aldarriak, eta soldata-igoerari begira soilik jarri dira negoziatzera, nahiz eta sektore horretan pandemiaren eragin txarraren aztarnarik ez sumatu.
Alderantziz, COVID-19aren krisian zehar Landare Kontserbetako Sektorearen garrantzia eta funtsezkotasuna nabarmenduz joan da; eta, aldiz, UGT eta CCOO ez dira abagune horretaz baliatu sektoreko langileen baldintzak duintzeko.
Hitzarmen berrian ez da bermatu eroste-ahalmena, KPIa %1,5etik goitikoa balitz, eta hala ere berez apalak diren soldatak finkatu dira; eta gainera hitzarmen gutxietako bat da lan-istripuagatiko edo lanbide-gaixotasunagatiko bajen prestazioen %100 bermatzen ez duena.
Adosturiko bertze alderdi bat da beheragoko eremuko hitzarmenak negoziatzea berariaz debekaturik dagoela. Horrek eragotzi egiten du Nafarroako hitzarmen bat negoziatzea; nahiz eta sobera jakin Nafarroako langileak gero eta urrunago daudela erkidego honetako errealitate sozio-ekonomikotik, estatuko esparrua eta soldata txikiak direla-eta.
ELAk tinko salatzen du horrelako negoziazioen bidez ezin zaiela aurre egin ez prekarietateari, ezta genero-arrakalari ere, emakumeak gehiengo nabarmena diren sektore batean.