Langabezia %18 igo da Nafarroan azken bi hilabetetan, 73.000 pertsona baino gehiago daude ERTEan dauden bitartean
Nafarroan 3.077 pertsona gehiago daude lanik gabe azken hilabetean, guztira 40.442 pertsona izanik izena emanda daudenak Enplegu Zerbitzu Publikoan. Hau da, %8,2ko igoera izan da apirilean, martxoan ia %10 igo eta gero. Azpimarratzekoa da apririlean 2.444 langabe gehiago izan direla zerbitzuen sektorean. Azken urtean, langabeziak %24,1 egin du gora, hau da, 2019ko apiriletik, 7.861 langabe gehiago daude Nafarroan.
Langabeziaren igoera hori, neurri batean, COVID-19ren pandemiaren aurrean enplegua defendatzeko hartu diren neurrie faltagatik edo beranduegi hartu izanak ere bada.
Aipatu behar da datu horiek enplegua galdu duten pertsonei buruzkoak baino ez direla, eta, beraz, gaineratu beharko litzateke Nafarroan, aurrekoaz gain, 73.762 pertsona gehiago daudela kontratua etenda edo murriztuta ERTE baten ondorioz.
Gizarte-larrialdiari aurre egiteko onartzen ari diren neurriak ez dira nahikoak. Espainiako eskuinak gutxieneko errentaren aurka edo etxegabetzeak geldiaraztearen aurka hain jarrera bortitza agertzeak hartzen diren neurriak benetan direnak baino aurrerakoiagoak iruditzea ere badakar. Baina errealitatea da Estatuak behar sozialetarako BPGari dagokionez egiten duen ahalegina Europar Batasuneko baxuenetakoa dela.
Testuinguru honetan ezinbestekoa izango da austeritate-politikak alde batera uztea, kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea, zaintza-lanari zentraltasuna ematea eta gure tokiko ekonomia indartzea. ELAk oso argi du aldarrikapen horiek gizarte-aktibazioaren eta mobilizazioaren bidez lortu ahal izango direla, eta ez direla elkarrizketa sozialaren barruan gauzatuko. Izan ere ikusita dugu parte-hartzaileen biziraupen ekonomikoa bermatzea dela elkarrizketa sozialaren erabilgarritasun bakarra.