Langabezia % 33 hazi da urtebetean Nafarroan
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, Nafarroan 40.464 langabe erregistratu dira ekainean, azken hilabetean 673 langabe gutxiago erregistratu ostean, maiatzeko igoeraren baliokidea. Urtetik urterako datuei erreparatuta, 2019ko ekainarekin alderatuta, langabeziak %33,2 egin du gora, 10.88 pertsona gehiago. Gainera, 25 urtetik beherako langabeen kopuruak %34 egin du gora otsailetik, eta industria-sektoreko langabeziak %20.
Orain da garaia datozen urteak baldintzatuko dituzten politikak erabakitzeko. Aldaketa sakona behar da krisiari benetako irtenbidea emateko. ELAk kezkaz ikusten ditu Nafarroako Gobernuak orain arte hartu dituen erabakiak, ez baitoaz bide horretatik. Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan lortutako akordioa kasu, non neurri erreal eta zehatz bakarrak patronalari mesede egiten diotenak diren, edo Parlamentuak onartutako irizpenean, ez duelako zerga-politika aldatu nahi.
ELAk krisiari benetako irtenbidea emateko bere proposamenak berresten ditu. Zerga politikan aldaketarik ez badago Sozietateen gaineko Zergaren bidez zerga bilketa handitzeko eta errenta altuenei zerga karga handitzeko, murrizketak eta doitze politikak itzuliko dira. Enpresek, eta batez ere enpresa handiek, tratamendu pribilegiatua dute Nafarroan, non Sozietateen gaineko Zergaren presio fiskala Estatu osoko txikiena den.