Musika eta arte eszenikoetako epe deialdia negoziatu gabea eta eskasa da

2019/02/14
ELAk, Goi Mailako Kontserbatorioan behin-behinekotasuna %90 ingurukoa izanik, bertako beharren ikerketa eskatzen du eta horren araberako EPE negoziatua.

Hezkuntza Departamentuak Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoan sartzeko 22 plazako EPEa deitu du.

Deialdi hau ere ez da mahai sektorialetik pasa (maisu-maistren deialdiarekin gertatu zen bezala), beraz ez ditugu eskakizunak, frogak, sarbide mota etabarrekoak ezagutu deialdia argitaratu den arte, ezta negoziatzeko aukerarik izan ere, negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz.

Bestetik, zera salatu dugu: azken 25 urtetan ez dela EPErik deitu kidego honetan, eta interinitate tasa %90 ingurukoa dela, bertako langileak urtetan zehar prekarietate egoerara kondenatuak izan direlarik. Egoera hau behar bezala bideratzeko, Kontserbatorioko beharren ikerketa egin beharko litzateke lehenik, eta horren araberako EPEa deitu ondoren:

  • Behin-behinekotasuna %6ra jaisteko behar diren plazak deituz.
  • Egoerari behar bezala erantzungo dion EPE eredu bat negoziatuz (aurkezteko behar diren eskakizunak, froga motak, kalendarizazio, epaimahaiak…), hainbeste urtez behin-behinean lanean diharduten irakasleek beren lanpostua egonkortzeko aukera izan dezaten.

Beraz, ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuak bere hezkuntza eskumenak behingoz erabiltzea, Madrilen menpe egon gabe, eta bertoko mahai sektorialetan bertoko EPEak negoziatzeko.