Nafarroa Suspertu Planari buruz Nafarroako Parlamentuak onartutako irizpenak ez du fiskalitatea aldatu nahi
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak Nafarroa Suspertu Planari buruzko irizpena onartu du, PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta Navarra Suma, EH Bildu, Podemos - Ahal Dugu eta I-Eren abstentzioarekin. Irizpen hau ez da loteslea, eta, beraz, Nafarroako Gobernuaren esku dago Planari buruzko azken hitza. Hala ere, irizpen honek Planaren ildoa zein izango den ikusteko balio du: errenta handiei eta enpresei pribilegioak mantentzea, gizartearen gainerako zatiaren kontura.
ELAk ohartarazten duen modura, zerga politikan aldaketarik ez badago Sozietateen gaineko Zergaren bidez diru-bilketa handitzeko eta errenta handienei zerga-karga handitzeko, murrizketak eta doikuntza politikak itzuliko dira. Enpresek, eta batez ere enpresa handiek, tratamendu pribilegiatua dute Nafarroan, Sozietateen gaineko Zergaren presio fiskala Estatu osoko txikiena izanik.
Parlamentuak onartutako irizpenak ez du inolako neurririk aurreikusten diru-bilketa handitzeko, aurreikuspenen arabera % 20 baino gehiago jaitsiko direnean, eta are gutxiago hori tratu pribilegiatua duten errenten kontura izan dadin. Irizpen honek ez du aurrekonturik aurreikusten, eta ez du aipatzen nola finantzatuko diren proposatzen dituen neurriak.
Deigarria da irizpenak benetan positiboak izango liratekeen baina Nafarroako Parlamentuaren eta Gobernuaren esku ez dauden zenbait neurria jasotzen dituela, (adibidez, Konstituzioaren 135. artikulua eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoa indargabetzea), eta, aldiz, eskumena eta erantzukizun zuzena dagoen arloetan ez dela aldaketarik egiten, zerga-politikarekin gertatzen den bezala.
Bestalde, irizpen honek elkarrizketa sozialaren aldeko apustua egiten du, historikoki UGT, CCOO eta patronala finantzatzeko baino balio izan ez duen egitura, eta gainera, gaur egun, UGTk eta CCOOk ez dute Nafarroako langileen % 50 ere ordezkatzen. Elkarrizketa sozialeko sistema patronalaren neurrira egina dago, bere interesei kalte egiten dien edozein akordiori betoa jartzeko aukera ematen baitio, eta azkenean Gobernuaren politika antisozialak legitimatzen dituen tresna besterik ez da.
ELAk dei egiten die Nafarroako Gobernuari eta parlamentu-talde guztiei ez jarraitzeko sakontzen gizarte-deskreditazioaren bide horretan, eta, horretarako, beharrezkoa da Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua indargabetzea. ELAk krisiari irtenbide justua ematearen alde egin du, eta 2008ko formulak ez errepikatzeko. Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Parlamentuaren esku dago, borondate politikoa baino ez da behar krisi hau berriro langileriaren eta kolektibo ahulenen esku ez geratzeko.