LANGABEZIA

Nafarroak enplegua suntsitu du, nahiz eta bigarren hiruhilekoan hobera egin duen

2026/07/28
Nafarroak enplegua suntsitu du, nahiz eta bigarren hiruhilekoan hobera egin duen
Biztanleria Aktiboaren Inkestaren bigarren hiruhilekoko datuek erakusten dute enpleguak hobera egin duela aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; hala ere, urte arteko bilakaerak alde negatibo garrantzitsuak erakusten jarraitzen du.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, okupazioak gora egin du 5.100 pertsonatan, emakumeen artean 3.400 enplegatu gehiago eta gizonen artean 1.700 gehiago egon dira. Urte arteko konparazioan, aldiz, joera desberdina da: 2.900 okupatu gutxiago daude, gizonezkoen enplegua 700 pertsonatan murriztu da, eta emakumeen artean, berriz, 2.200 pertsonako galera izan da.

Lanaldi partzialaren tasa ez da aldatu: %12,4an kokatzen da. Genero-arrakala argia izaten jarraitzen du: emakumeen %20,6ri eragiten dio, gizonen %5,4aren aldean, eta agerian uzten du emakumeen presentzia handiagoa dagoela baldintza okerragoko enpleguetan.

Behin-behinekotasunak gora egin du azken urtean. Bigarren hiruhilekoan %18,8koa izan da behin-behinekotasun tasa, duela urte bete %15,5ean zegoen bitartean. Horretaz gain, adierazi behar da alde nabarmenak daudela emakumeen eta gizonen artean. Gizonen %16,5ek aldi baterako kontratua du, emakumeen artean zifra hori %21,5era igotzen da.

Langabezia murriztu egin da 3.300 pertsonatan azken hiruhilekoan eta 27.700ra heldu da. Tasa %8,1era iritsi da, aurreko hiruhilekoan baino puntu bat gutxiago, baina duela urtebeteko tasa baino bi dezimal gehiago. Emakumeen langabezia-tasa gizonena baino bi puntu altuagoa da (%9,1, %7,1en aldean). Gazteen langabeziak gora egin du eta %27,5ean kokatu da, oso maila altuetan mantenduz.

Azken batean, bigarren hiruhilekoan erregistratutako hobekuntzak ez du ezkutatu behar azken urtean ikusitako narriadura. Nafarroak enpleguaren kalitate arazo garrantzitsuak ditu oraindik ere, eta behin-behinekotasuna gero eta handiagoa da, genero-arrakala handia du eta gazteen langabeziak oso maila altuetan jarraitzen du.