Nafarroako 134.300 langile prekarioen egoera iraultzeko egitasmoa jarri du martxan ELAk

Euskal Herrian 541.600 pertsonak dute enplegu prekarioa, eta horietatik 134.300 Nafarroan ari dira lanean. Datu hori hiru elementu kontuan hartuta lortzen da: behin-behinekotasuna, soldata txikiak (18.200 eurotik beherakoak) eta lan-osasuna. Azken gai horri buruzko datuak zehaztea zaila bada ere, frogatuta dago Nafarroan soldatapekoen erdiak baino gehiagok pairatzen dutela prekarietatea.
Nafarroako ELAko koordinatzaile Imanol Pascualek prentsaurrekoan salatu duenez, patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren artean erantzukizun partekatua dago: patronalak bere etekina handitzea baino ez du bilatzen lan-baldintzak prekarizatzearen kontura; eta Nafarroako Gobernua ez da behar adina neurri hartzen ari prekarietatearen aurka. Hain zuzen ere, Administrazioan sektore pribatuan baino behin-behinekotasun-tasa handiagoa dago, eta, gainera, KPIaren azpiko soldata-igoera aplikatzen ari da (2022an igoera % 2koa izango da).
Eskualdeko arduradun Saioa Urrizak prekarietatearen erradiografia egin du, eta bereziki emakumeak, gazteak, migratuak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonak kolpatzen ditu. Horregatik, ELAk prekarietatearen aurkako plan bat landuko du lantoki guztietan, honako neurri hauekin:
- Europako gomendioei jarraituta, Euskal Herrirako gutxieneko soldata 1.381 eurokoa ezartzea (batez besteko soldaten %60a).
- Lanaldi partzialek dakarten pobretzea eragozteko asteko 20 orduko gutxieneko kontratua ezartzea eta lanaldi partzialak behi -betiko osatzeko betebeharra ezartzea enpresetan orduak libre geratzen direnean edo lan kargak handitzen direnean.
- Azpikontratatutako langileek subrogazio eskubidea bermatuta izatea, hau da, enpresa nagusiak azpikontrata aldatzen duenean langileek enpresa berrian lan egiteko eskubidea ziurtatuta izatea.
- Iruzurrean dauden behin-behinekoen kaleratzeak indargabetu behar dira.
- Administrazioek iruzur bidez kontratatutako 70.000 behin-behineko langileak kontsolidatu ditzatela.
- Kontratazioan iruzurrari aurre egiteko eta langileen lan osasun egokia bermatzeko ikuskari kopurua Europarekin parekatzea; horrek Euskal Herriko ikuskari kopurua bikoiztea ekarriko luke.
Imanol Pascualek azpimarratu du beharrezkoa dela Gizarte Elkarrizketaren mugak gainditzea, azken lan-erreformak erakutsi baitu, beste behin, langile klasearen interesentzat kaltegarria dela. Soldata-igoera defendatu behar dugu, pobretzea zabal ez dadin. Soldatak ez dira arazoa, konponbidea baizik. Horregatik, ELAk uko egin dio errenta-itun baterako deialdiari, azken finean, soldatak KPIa baino gutxiago haztea inposatu nahi delako, UGTren eta CCOOren bermearekin.
Apirilak 6: ELAren ekitaldia eta manifestazioa, Bilbon
Bide beretik, 'Lan prekarioa gehiagorik ez!' lelopean, ekitaldi konfederala egingo du ELAk datorren apirilaren 6an, Bilboko La Casillan, eta bertatik abiatuko da ondoren manifestazioa.
Aldi berean, 541.600 langile prekarioen zifrarekin kanpaina garatzen ari da Euskal Herriko kaleetan, eta webgune berezia ere eskainiko dio ELAk, prekarizazioaren inguruko datuak bertan denon eskura edukitzeko: https://www.ela.eus/eu/prekarietatea?set_language=eu