Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak prebentzio neurrien inguruko informazioa ezkutatzen duela salatzen du ELAk

2020/10/14
Prebentzio araudia bete eta irakasleen osasuna babesteko eskatu dio ELAk Hezkuntza Departamentuari, COVID-19arekiko bereziki zaurgarriak diren langileena batez ere

ELAren iritziz, atzoko Segurtasun eta Osasun Batzordearen ezohiko bileran berriz ere agerian geratu zen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez duela koronabirusaren inguruko prebentzio araudia betetzen, eta ez duela hori betetzeko nahikoa baliabiderik bideratzeko asmorik.

Alde batetik, Departamentuak oraindik ez dizkio ikastetxe bakoitzaren kontingentzia-planak langileen ordezkaritzari aurkeztu, prebentzio neurriak eta gainontzeko informazioa ezkutatuz. Ordezkariek eskuratu ahal izan duten informazio bakarra komunikabideetan argitaratu dena da, eta hori gutxi balitz, atzo bertan jakinarazi ziguten ikastetxeek azarora arteko epea dutela kontingentzia-plan horiek aurkezteko. Ondorioz, litekeena da ikasturte honetako bi hilabetetan zehar zenbait ikastetxeetan nahitaezkoak diren prebentzio-neurriak aplikatu ez izana.
Bestalde, Departamentua ez da COVID-19arekiko bereziki zaurgarriak diren langileen kudeaketa egokia egiten ari. Prebentzio zerbitzuari luzatutako eskaeren aurrean, honek ez ditu behar bezala aztertzen irakasle hauen jardunean eman daitezkeen arrisku egoerak, eta ondorioz ez ditu babes-neurri egokiak ezartzen. ELAren ustez, egoera hau prebentzio zerbitzuaren baliabide faltaren ondorio zuzena da.

Azkenik, Osasun Ministerioaren edo Nafarroako Osasun Sailaren jarduerak aitzaki gisa hartuta, Hezkuntza Departamentuak ez die erantzunik eman Batzordean ordezkatuta gauden sindikatuon proposamen bateratuei, besteen artean:

- Ez zaie FFP2 maskararik emango Haur Hezkuntzako irakasle eta langile kalteberei.

- Ez zaie mikrofonorik emango osasun irizpide zorrotzak betetzen ez dituzten irakasleei.

- Ez zaie PCR probarik egingo gela konfinatuak dituzten irakasleei.

- Ez da aurreikusten ikastetxeetan osasun-langilerik egotea.

- Ez da Prebentzio Zerbitzuan lehendik onartutako eta ez-nahikoa den langile-kopuruaren handitzea gauzatu.

Horregatik guztiagatik, ELAk berriz eskatu dio Hezkuntza Departamentuari prebentzio-araudia bete eta irakasleen osasuna babesteko, eta lan-ikuskaritzara nahiz epaitegietara joko du arau-hauste hauek salatzeko. Sindikatuaren ustez erabat bateraezinak dira Departamentuaren jarrera eta Foru Komunitateko lehendakariak erantzukizunez jokatzeko egindako deia, eta berehala ikastetxeetan gertatzen ari denari buruzko informazio guztia ematea eta langileak babesteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea exijitzen du.