Irakasle eta Hezkuntza kalitaterako onuragarria den zerrenda integratua gauzatu beharra dago, oinarrizko eskubideak eta berdintasuna bermatzen baititu

2017/10/04
Nafarroako Parlamentuak onartu duen ebazpenak UPN eta PSNren hizkuntzaz bereiztutako zerrenden kudeaketa baztertzaileari jarraipen eman nahi dio, langile publiko orok berdintasun, gaitasun eta merituen arabera baloratua izateko eskubidearen kontra. Irakasle eta Hezkuntza kalitaterako onuragarria den zerrenda integratua gauzatu beharra dago, oinarrizko eskubideak eta berdintasuna bermatzen baititu.

Irailaren 28an, Nafarroako Parlamentua irakaskuntzako oposizioetan zerrenda integratua erabiltzearen aurka agertu da. Adierazpen hau, UPN, PP eta PSN-ren aldeko bozkekin eta Podemos eta Izquierda-Ezkerraren (CCOO-en eraginez) abstentzioari esker atera da aurrera.

ELAk azpimarratzen du zerrenda integratua, printzipio demokratikoa izateaz gain, irakaskuntza publikoko langileen ordazkaritzaren gehiengoak azken urte luzeetan babestu duen proposamena dela. Horrela funtzionatzen da estatuko erkidego elebidun guztietan baita Nafarroako beste esparru publikoetan ere.

Zerrenda integratua erabiltzeak hainbat abantaila ekarriko lioke irakasleari, besteak beste: lanposturik onenean lan egiteko aukera, meritu gutxiago duen inor ez bere aurretik, puntuazioaren arabera deitua izan eta gero bakoitzak dituen eta nahi dituen espezialitate eta hizkuntzen artean aukera izatea. Gainera, oraingo aplikazio telematikoarekin kudeaketa errazagoa izango da, irakasleak posizio bakarra izango du zerrendan eta urtero merituak eguneratu ahal izango ditu (espezialitateak eta hizkuntzak barne).

Podemos eta Izquierda-Ezkerra aintzat hartu beharko lituzkete langileen eskubideak eta zerrenda aurrerakoiago, justuago eta eraginkorragoaren aldeko pausoak eman.

ELAren ustez, oinarrizko eskubideak bermatzearekin batera, lan eskaintza publikoak hezkuntzako beharrei erantzun behar die ezinbestean. Kontuan izan behar dugu gaur egun Nafarroako ikasleriaren ia %50-ek euskaraz edo euskara barneratzen duen ereduetan ikasten dutela.

Sinestezina dirudien arren, erregimeneko alderdi eta sindikatuek (UPN, PSOE, PP, AFAPNA, ANPE, CSIF...) elkarbizitzaren aurkako neurria izango dela diote, lehenengo eta bigarren mailako nafarrak sortuz. Aldiz, IIP-PAI ezarri zenean partidu eta sindikatu horiek beraiek ez zuten antzekorik argudiatu, programa honek, Nafarroako hiztun eta ofizialtasunaren errealitatearekin zerikusirik eduki gabe, lehen mailako eta bigarren mailako nafarrak sortu dituenean (ingelesa dakiten irakasleak eta ez dakitenak) gure hezkuntza sistema hankaz gora jarriz.

ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio zerrenda bateratuari eusteko behingoz, kultura eta hizkuntza eskubideei, berdintasun eta eskubide demokratikoei bide ematen dien zerrenda integratua lehenbailehen abian jar dezala. Aldaketaren gobernua dugularik bi urte pasa diren arren, oraindik garaiz dago zerrenda integratua behin betiko ezartzeko, nola gauzatuko duten zehaztuz.