Nafarroako sektore publikoan euskaraz lan egin eta zerbitzua jasotzeko eskubidea bermatzea aldarrikatu dute langile publikoek
Sektore publikoan euskaraz lan egiteko eta euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko elkarretaratze jendetsua burutu da gaur Nafarroako Jauregi parean, atzo EAEn egin ziren elkarretaratzeen moduan.
Euskararen kontrako epaiak etengabe ikusten ari garen testuinguru honetan, ELAk uste du beharrezkoa dela euskaraz bizitzeko hautua egiten dugunon eskubideak aitortzea. Hasteko, zonifikazioarekin amaitu behar da. Izan ere, gaur egun, posta kodearen araberako hizkuntz eskubideak daude, eta horrek bigarren mailako herritarrak sortzen ditu. Honekin bukatzeko, 1986ko Euskararen Legea gainditu behar da, euskara Nafarroa guztian ofiziala izateko behingoz.
Honez gain, euskaraz bizi eta lan egin ahal izateko aldarrikapen hauek eraman dituzte Jauregiko protestara:
- Hizkuntz eskakizunek gora egitea, esaterako urtero portzentai bat adostuz, erabiltzaileek euskeraz artatuak izateko eskubidea derrigorrez bermatua eduki arte.
- Euskararen ezagutza merezimendu moduan baloratzea hizkuntz eskakizunik ez dagoen plazetan.
- Pribatizatu-itundutako eremuetan, langileek euskeraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskeraz artatuak izateko eskubidea bermatua eduki dezaten, zerbitzua ematen duten enpresek euskera planak egitearen derrigortasuna ezartzea pliego bidez.
- PAI desagertzea.
Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak eskatu dute euskara hizkuntza ofiziala izatea Europar Batasunean. Hortaz, ez da ulertzen euskararen lurraldean, Nafarroan, hainbeste traba jartzea eta euskaldunen hizkuntza eskubideak etengabe urratzea.
Honez gain, Merezimenduen Dekretuak ez luke zonifikazioan sakondu behar. Alabaina, oraingo Gobernuak onartutako Dekretuak ingelesa, frantsesa eta alemana baloratzeko aukera ematen du, euskara baloratzeko aukera ezabatzen duen bitartean. Diskriminazio horren kontrako sententzia irabazi zuen ELAk orain aste gutxi, Steilasekin batera sartutako helegite baten ondorioz.
ELAk hainbat mobilizazio egin ditu orain arte aldarri horiekin. Orain, LAB eta Steilasekin elkarlanean, abenduan hasi genuen kanpaina honekin jarraitu dugu eta berriro atera gara kalera, gaur Iruñean eta atzo EAEko elkarretaratze ugaritan. Mobilizazio hauek jarraipena izango dute hurrengo aste eta hilabeteetan.