Nafarroan ekonomia suspertzeko erreforma fiskala egin behar da, bestela murrizketak itzuliko dira

Nafarroa Suspertu Planak ez du aurreikusten bere neurriak nola finantzatuko diren, eta hartzen den edozein neurrik, garatzeko aurrekonturik ez badu, ezin da eraginkorra izan

Nafarroako Gobernuak abuztuan onartu zuen Nafarroa Suspertu Plana aurkeztu du gaur Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan (CES). Zoritxarrez, plan hau bertan jasotzen diren neurriak nola finantzatuko diren jakin gabe onartu da. Gobernuak iaz baino 540 milioi gutxiago biltzea aurreikusten duen testuinguruan, alferrikakoa da Plan bat egitea, baldin eta ez bazaio horretarako behar besteko aurrekonturik ematen, jasotzen dituen neurriak edozein direla ere.

Nafarroan ekonomia suspertzeko, beharrezkoa da politika fiskala aldatzea, diru gehiago eta modu bidezkoagoan biltzeko. Nafarroan diru-bilketa arazo handia dago, eta irtenbidea politika fiskala erreformatzea baino ez da. Erreforma fiskal sakona egiten ez bada, murrizketak itzuliko dira.

Bestalde, Nafarroa Suspertu Plana onartu eta bi hilabetera CESera pasatzea kritikagarria da, bertan ez baita ezer aztertu edo eztabaidatu, Planaren "ildo nagusien berri emateko" lehen bilera izan ezik. Berriz ere ikusi da politika ekonomikoaren eta aurrekontu politikaren diseinuan gizarteak parte hartzea Nafarroako Gobernuarentzat propaganda baino ez dela.