PAI alde batera utzi eta Hezkuntzak behar duen benetako kontsolidazio prozesua aurrera eramatea eskatu dio ELAk Gimeno Kontseilariari

2022/03/10
ELAk kontseilariak proposatutako “Teacher”-en Foru Lege proposamena errefusatu du

Hezkuntza Kontseilariak ELA bilera batetara deitu du gaur, printzipioz enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruz hitz egiteko. ELAk bere proposamenak prest zeramatzan, sarritan ezagutzera eman baditu ere. Hala ere, azkenean bilera atzerriko hizkuntzetako programetan lanean ari diren irakasleak kontsolidatzeko lege-proposamen baten berri ematean bihurtu du Kontseilariak.

Espainiako -eta beste edozein herrialdetako- legeek ez dute uzten Administrazioan sartzeko atzerriko hizkuntzen eskakizuna exigitzea, espezialista ez diren irakasleei. Gimeno saiatu zen bere garaian ministra konbentzitzen legeria hori aldatzeko, baina ez zuen lortu; izan ere, Estatuko Mahai Sektorialeko sindikatu guztiek, batek izan ezik, baztertu egin genuen ideia hau, Nafarroako Parlamentuak 2018an egin zuen bezala.

Kontseilariak autogobernura jo du orain Nafarroako funtzionarioen talde berri bat sortu eta atzerriko hizkuntzak eskatzeko, britainiar kolonia bat bagina bezala. Kidego berri hori Nafarroako gainerako irakasle funtzionarioak arautzen dituen Estatuko Funtzio Publikoaren Legetik kanpo egongo litzateke erabat.

Gainera, ELAk, kontsolidaziorako bere proposamenean antzinatasunari pisu handiagoa ematea eta probak baztertzaileak ez izatea eskatzen duen bitartean, Departamentuak zaildu egin nahi du behin behinekoek lanpostu horiek lortzea, baldintza gisa atzerriko hizkuntza-eskakizuna gehituz, hezkuntza-sisteman aspalditik lanean ari diren pertsona asko alde batera utzita. Hau da, Gimenoren planteamendua ELAren proposamenaren aurkakoa izateaz gain, Europatik ezarritako egonkortze-legeek bilatzen duten helburuaren aurkakoa ere bada.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu, alde batetik, ikasleentzat kaltegarria den eta autonomia-erkidego guztietako ikastetxeak bertatik ateratzen ari diren PAI kentzeko, eta, bestetik, behin behineko direnei plazak kontsolidatzeko aukera emango dieten prozesu bermatzaileak gauzatzeko.