PAI-Free Plataformak jardunaldiak egingo ditu Iruñean Ingelesez Ikasteko Programak (PAI) suposatzen duen iruzurra agerian uzteko eta bertatik irteteko bideak aztertzeko

2022/01/31
Datorren ostegunetan, otsailaren 3an eta 10ean, Iruñeko San Frantziskon izango dira jardunaldiak, 17: 30etan.

Datorren ostegunetan, otsailaren 3an eta 10ean, PAI-Free Plataformaren Jardunaldiak egingo dira Iruñean, Ingelesez Ikasteko Programak (PAI) suposatzen duen iruzurra agerian uzteko eta bertatik irteteko bideak aztertzeko.

Bi jardunaldiak PAIrik gabeko eskola batean egingo dira, Iruñeko San Frantziskon, 17: 30etan.

  • Otsailaren 3an bideoforum bat egingo da, “PAIren Iruzurra” izenburupean. Bertan, “La chapuza del bilingüismo (Madrid, 2004-2020)” dokumentala proiektatuko da, eta, ondoren, solasaldi bat irekiko da bi hizlarien artean: dokumentalaren zuzendaria, Paco Serrano irakasle madrildarra, eta Richard Weyndling kazetari eskoziarra, ingeleseko irakasleen prestatzailea izandakoa Iruñean.

Bideoforum horretan Madrilgo ingelesezko programa elebiaren eta Nafarroako PAIren arteko antzekotasunak izanen dira hizpide. Horiek inguratu dituen marketina, irakasleen eta familien desengainua, eragin dituen arazoak eta hori guztia sostengatu duen ideologiaz hitz egingo da. Halaber, azpimarratuko da atzerriko hizkuntzak beste modu batean ere ikas daitezkeela, gainerako curriculum-arloak kaltetu gabe.

  • Otsailaren 10ean, Gemma Martínezek, Castejongo eskolako zuzendariak parte hartuko du. Beste autonomia erkidego batzuetako ikastetxe askotan gertatu bezala, Castejongo ikasleak PAItik askatzea lortu duen Nafarroako lehen ikastetxearen esperientziari buruz hitz egingo du, «PAItik ere ateratzen da, ez etsi» lelopean.

Bere ikastetxeak jarraitutako prozesua azalduko du: Eskolaren borondatearen aurka programa horretan sartzera behartu zutela, talde pedagogikoak programa uzteko emandako urratsak edota PAItik ateratzeko baimena jasotzeko egindako legezko ibilbide luzea (nahiz eta bertako eskola-kontseiluaren aho bateko babesa izan, klaustroaren gehiengo zabalarena eta PAItik irteteko araudia errespetatu). Hitzaldi horretan agerian geratuko da ikastetxeek jasaten duten estresa, administrazioak ez duelako IIP-PAI atzean utziko lukeen Hizkuntzen Tratamendu Integraturako sistemarik ezarri. Honen ordez, Nafarroako 100 ikastetxe baino gehiagotan eta 50 herri baino gehiagotan oraindik derrigorrezkoa da IIP-PAI programa.