MURRIZKETAK

Lekarozeko BHIko langileria prekarizatuko duen erabakia salatu du ELAk

Lekarozeko BHIko langileria prekarizatuko duen erabakia salatu du ELAk
Hezkuntza Departamentuak Lekarozeko institutoan hurrengo ikasturterako plantillak osatzerakoan, A ereduko ikasleei gaztelaniako ikasgaiak emanen dizkieten irakasleak gaztelerako zerrendatik hautatzea erabaki du. Orain arte ikasgai horiek ikastetxean zeuden arlo horietako euskarazko irakasleek eman izan dituzte, euren plazak osoagoak bihurtuz eta jardunaldiak osatuz.

Modu honetan, orain arte Lekarozeko ikastetxean euskaraz lan eta bizitzeko eskubidea bermatu zaio hezkuntza komunitate osoari, hots, ikasle, langile eta familiei. Euskaraz dakiten irakasleak izan direnez, euskararen ezagutza orokortua egon da, hizkuntza eskubideak bermatzeko ezinbestekoa dena. Horretaz gain, langileentzat sortzen ziren plazak duinagoak izan dira, aukera gehiago eskaini izan direlako bi ereduetako orduak metatuz, lanpostu osoagoak sortzeko. Honek klaustroaren finkotasunerako eta jarraikortasunerako aukerak ireki izan ditu eta ondorioz, ikasleei eskainitako zerbitzua hobetu.
Orain ordea, irakasle horiek erdaldun elebakarrak izateko aukera irekitzen da eta gainera ikastetxean eskaintzen diren plazak zatikatzea. Honek lanpostuen prekarietatea handituko du nabarmen, osoak ez diren plaza gehiago sortuko direlako eta zonalde horretan euskararen normalizazioa oztopatuko du, bertan ikasten duten A ereduko ikasleek ez baitute bermatuta izango edozein momentutan euskara erabili ahal izatea ikastetxean.
Honengatik guztiarengatik ELAk Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio orain arte ikuskaritzak erabili izan duen irizpidea manten dezala, eskola komunitate osoarentzako onuragarria den heinean.