MERKATARITZA

EB–Mercosur akordioari ez

EB–Mercosur akordioari ez
Itunak multinazional handiak onuradun bihurtzen ditu, krisi klimatikoa areagotzen du, lan-eskubideak ahultzen ditu eta Hego Euskal Herriko lehen sektorea mehatxatzen du

ELAk irmoki adierazi du Europar Batasunaren eta Mercosurreko herrialdeen (Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguay) arteko merkataritza-akordioaren aurkako jarrera. Europako Parlamentuak berretsiz gero, munduko merkataritza libreko eremurik handiena eratuko luke, eta erabat bidegabea eta suntsitzailea den eredu ekonomikoa sendotuko luke.

Enpresa handien zerbitzura dagoen ituna
Akordio honek bi eskualdeen artean merkaturatzen diren ondasunen %90i muga-zergak pixkanaka ezabatzen dizkie, eta merkatu berriak irekitzen dizkie batez ere Europako industria-sektoreei, hala nola automobilgintzari, makineriari, kimikari edo farmazia-industriari. Aldiz, Mercosurretik datozen inportazioak balio erantsi txikiko lehengai eta nekazaritza-produktuetan oinarritzen dira. Desoreka horrek logika neokolonial argia indartzen du: Europak balio handiko produktuak esportatzen ditu eta baliabide natural merkeak inportatzen ditu, baldintza sozial eta ingurumeneko baldintza askoz prekarioagoetan ekoiztuak. Emaitza argia da: multinazionalek irabazten dute, herriek galtzen dute.

Larrialdi klimatikoarekin bateragarria ez den akordioa
Ikerketa askok ohartarazi dute itunak berotegi-efektuko gasen emisioak handituko dituela eta Amazoniako deforestazioa bezalako prozesuak bizkortuko dituela. Gainera, Europar Batasuneko korporazio handiak hornitzeko bideratutako eredu estraktibista indartzen du, petrolioa, soja edo artoa bezalako lehengaien bidez. Eredu horrek krisi ekologikoa sakontzen du eta komunitate indigenen eskubideen aurka egiten du.

Eragin soziala, lanekoa eta demokratikoa
EBren eta Mercosurren arteko negoziazio-prozesua, neurri handi batean, ateak itxita egin da, gardentasun eskasarekin eta parlamentuaren gainbegiraketarik gabe. Sindikatuak, GKEak eta tokiko komunitateak negoziazioetatik kanpo utzi dituzte, eta, aldiz, enpresa-lobbyek sarbide pribilegiatua izan dute erabakiak hartzen dituztenengana.

Akordioaren negoziazioan zehar, Europako Sindikatuen Konfederazioak (CES), 94 europar erakunde sindikal ordezkatzen dituena, eta Hegoaldeko Konoaren Sindikatu Zentralen Koordinadorak (CCSCC), Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Paraguai, Uruguay eta Venezuelako 20 zentral sindikal ordezkatzen dituena, behin eta berriz adierazi dute akordio honen inguruko kezka.

Akordioak ez du mekanismo loteslerik jasotzen Mercosurreko herrialdeetan lan-eskubideak errespetatzen direla bermatzeko. Ez dago benetako zigorrik ez-betetze kasuetan, eta horrek prekaritatea sustatzen du, negoziazio kolektiboa ahultzen du eta lurraldeen arteko lehia beheranzkoa bultzatzen du. Gainera, sindikatuek ez dute inolako eginkizun eraginkorrik itunaren kontrol edo gainbegiratzean. Dinamika honek Europako enplegua ere mehatxatzen du, lan-baldintza okerragoetan ekoitzitako ondasunen inportazioa errazten duelako, soldatak eta eskubideak beherantz presionatuz.

Mehatxu larria nekazaritza-sektorearentzat
Akordioak esportaziora bideratutako nekazaritza industriala sustatzen du eta kalte handia egiten dio tokiko eta ustiapen estentsiboan oinarritutako nekazaritza-ereduari. Lan-, ingurumen- eta osasun-estandar apalagoekin ekoitzitako nekazaritza-produktuen sarrerak lehia desleial zuzena suposatzen du Euskal Herriko baserritar eta abeltzainentzat. Belaunaldi-erreleboa arriskuan jartzen du eta elikadura-burujabetza ahultzen du.

Ildo horretan, bereziki larria da bai Pedro Sánchez buru duen Espainiako Gobernuaren, bai Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jarrera. Sánchez nazioartean ezkerreko erreferente gisa aurkezten den bitartean, argi geratzen da interes ekonomiko eta korporatiboen aurrean makurtu egiten dela. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dagokienez, guztiz kontraesankorra da akordio hau babestea tokiko ekonomiaren, KM0aren edo trantsizio ekologikoaren aldeko konpromisoa aldarrikatzen duten bitartean. Halako itunak babesteak agerian uzten du lehentasuna enpresa-interes handiak direla, lehen sektorea sakrifikatzearen eta eredu ekonomiko bidegabea sendotzearen kontura bada ere.

Gainera, ELAk ohartarazten du eskuin muturreko alderdi batzuek lehen sektoreko ezinegona instrumentalizatzeko duten saiakeraz. Vox bezalako alderdiek akordioaren aurka egiten badute ere, ez dute eredua zalantzan jartzen eta ez dute benetako kezkarik erakusten lan-eskubideen, krisi klimatikoaren edo justizia sozialaren inguruan.

Europako Parlamentuan akordioa berretsi gabe dagoen bitartean, ELAk mobilizazio sozial eta sindikalera dei egiten du, haren onarpena eragozteko eta justizia sozialean, iraunkortasun ekologikoan eta eskubide sozialen eta herrien eskubideen errespetuan oinarritutako politika publikoak eskatzeko. EBk Hegoalde globaleko herrialdeekin politika komertzial kolonialistak mantendu nahi ditu, nazioarteko zuzenbidearen eta giza eskubideen urraketak onartzen dituen bitartean. Itun hau eredu horren beste adierazpen bat da.

EB-Mercosur akordioari ez!