Mendebaldeko Sahara

ELAk saharar herriaren autodeterminazioaren aldeko konpromisoa berresten du

2025/11/06
ELAk saharar herriaren autodeterminazioaren aldeko konpromisoa berresten du
Berrogeita hamar urte bete dira gaur Martxa Berdea hasi zela. Gertaera honek Espainiak bere kolonia ohia abandonatu eta traizioa egitea ekarri zuen, herri sahararra marokoarren okupazio eta errepresioaren menpe utziz. Herritarrak bonbardaketen, lekualdatze behartuen eta jazarpenaren biktima izan ziren. Milaka pertsonek Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu-kanpalekuetara ihes egin zuten. Gaur egun ere, han erresistitzen jarraitzen dute baldintza oso gogorretan, Marokok lurraldearen zatirik handiena okupatzen duen bitartean.

Urteurren triste honekin bat eginez, joan den urriaren 30ean Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua bildu zen Mendebaldeko Saharari buruzko 2797 (2025) ebazpena bozkatzeko, 1991n autodeterminazio kontsulta bat antolatzeko helburuarekin sortutako Erreferendumerako NBEren Misioaren (MINURSO) agintaldia amaitu baino egun bat lehenago.

Onartutako testuak desbideratze arriskutsua eta aurrekaririk gabekoa suposatzen du, Marokoren subiranotasunaren barruan autonomiaren esparrua sendotzea bilatzen baitu, erreferendumaren aipamen oro alde batera utzita. Marokok Mendebaldeko Sahararen gainean duen autonomia-planari emandako babesak, saharar herriari eta erabakitzeko eskubideari bizkarra emateaz gain, nazioarteko legezkotasunari ere bizkarra ematen dio; izan ere, horren arabera, lurraldea deskolonizazio-kasu bat da oraindik ere, eta bertako biztanleek determinazio askerako eskubidea dute.

Ebazpenak MINURSOren agintaldia luzatzen du, baina blokeoa betikotzen du bere eginkizun nagusia bete gabe: autodeterminazio erreferenduma egitea, saharar herriari Marokorekiko independentzia lortzea ahalbidetuko diona.

Lotsagarria da ikustea nola saharar herriak okupazioaren, biolentzia sistematikoaren eta bere baliabideen espoliazioaren menpe jarraitzen duen, gobernu konplizeek eta nazioarteko erakunde hipokritek beste alde batera begiratzen duten bitartean.

Egoera honen aurrean, ELAk saharar auziarekiko duen konpromisoa berresten du eta konponbide justu eta behin betikoa eskatzen du: Nazio Batuen ebazpenen arabera erreferendum bat egitea, saharar herriak bere etorkizuna erabaki eta askatasunean bizi ahal izan dezan.

Konpromiso honen parte gisa, ELAk Saharar Herriari Laguntza eta Elkartasuna emateko Europako 49. Konferentzian (EUCOCO) parte hartuko du. Konferentzia hori azaroaren 28an eta 29an egingo da, Parisen, eta Saharako herriaren autodeterminazio-eskubidearen aldeko erakunde solidario, alderdi eta sindikatuetako ordezkariak bilduko dira.