Italia

ELAk bere elkartasuna adierazi du Italiako greba orokorrarekin

2025/12/12
ELAk bere elkartasuna adierazi du Italiako greba orokorrarekin
ELAk bere elkartasuna adierazi dio CGIL sindikatuari Italian abenduaren 12rako deitutako greba orokorrarekin, eta bere babes irmoa adierazi dio Meloniren gobernuak ezarri nahi duen aurrekontu-legearen aurka Italiako langile-klaseak egiten duen borrokari.

Langileak gero eta pobreagoak direla, enplegu prekarioa arau bihurtzen dela eta zerbitzu publikoak kolapsatzen diren bitartean; Italiako gobernuak murrizketa- eta austeritate-estrategiak bultzatzen ditu eta gastu militarra handitzen du. Datuak erabatekoak dira: aurrekontuak 900.000 milioi dolarreko inbertsioak aurreikusten ditu armamentuan hurrengo hamar urteetan, gastu militarra 32.000 milioi eurora igoz 2025erako, osasunean, hezkuntzan eta zerbitzu publikoetan murrizketa sistematikoak ezartzen dituen bitartean.

Italiak bi hiruhileko daramatza ia errezesioan; hiru urte daramatza desindustrializazio-prozesua azeleratzen; metatutako inflazio handiaren ondorioz soldatak eta pentsioak murriztuz; belaunaldi gazteagoentzako gero eta prekarietate handiagoarekin; osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitzan eta sistema publiko osoan austeritate-politiken ondorio kaltegarriak jasaten.

Honen guztiaren aurrean, Italiako Gobernuak gastu partida bakarra zabaldu du: defentsarako partida. Inbertsio publikoa mugatzen du, eta ez du ezartzen produkzio-gainbehera lehengoratzeko eta produkzio-sistemaren teknologia-, energia- eta ingurumen-birmoldaketaren erronkari aurre egiteko gai den industria-politikarik.

Italiako gizartea mobilizatu da dagoeneko, eta gobernu honen eta bere aurrekontu legearen aurka borrokatzeko prest dagoela adierazi du. Abenduaren 12an, borrokak aurrera darrai eraso hauek gelditu eta eskubide laboral, sozial eta demokratikoen aldeko borrokan aurrera egiteko.

Hauek dira greba orokorraren aldarrikapenak:

• Soldaten eta pentsioen igoera

• Erretiro-adinaren igoera geldiaraztea

• Berrarmatzeri ezetz esan eta osasunean eta hezkuntzan inbertitu

• Prekarietateari aurre egin

• Benetako politikak industriarako eta hirugarren sektorerako

• Zerga-erreforma bidezkoa eta aurrerakoia

Nazioarteko elkartasuna zein garrantzitsuan den jakitun, batez ere borroka berberak partekatzen ditugunon artean, ELAk Italiako langile-klasearekin elkartasun osoa adierazi du greba orokorreko egun honetan.

Zuen borroka gure borroka ere bada!