ELAk, CIGek eta Intersindicalek urriaren 15eko lanuzteak batera deitu dituzte gobernuei eta enpresei galdegiteko Israel boikota dezatela

ELAk, CIGek eta Kataluniako Intersindicalek azken urteetan klaseko sindikalismo soberanistatik abiatuta hainbat ekinbide, gogoeta eta estrategia partekatu izan dute. Hiru sindikatuon lankidetzaren zutabea da erabakitzeko eskubidearen defentsa eta lehentasuna ematea langileriaren baldintzak hobetzeko borrokarako lan- eta gizarte-marko propioei.
Gaur hiru erakunde sindikalak bat datoz Israel Gazan eragiten ari den genozidioak mobilizatzera behartzen dituela, gauza bat exijitzeko: estatu genozida haren kontra benetako neurri politiko eta ekonomikoak, eragingarriak izango direnak. Langileriaren euro bat ere ezin da Israelen interesen mesedetan erabili; Israeli ez diote ezer erosi edo saldu behar, ez gobernuek, ez enpresek. Horregatik, ELAk, CIGek eta Intersindicalek batera egingo dituzte bakoitzaren herrialdean urriaren 15ean deituko dituzten lanuzteak; aldarriak berdinak dira, eta oraingoan ere hiru sindikatuok Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako mobilizazio bereiziaren alde egingo dute.
Premiazkoa da genozidioa geldiaraztea, baina halaber eragotzi behar da Israelek jarrai dezan lurrak usurpatzen, biztanleak beren bizilekutik egozten, apartheid kutsuko egitura sozialak ezartzen eta herri bati jazartzen. Horregatik, galdatzen dugu nazioarteko zuzenbidea aplika dadila, batik bat herrien autodeterminazio eskubidea, Palestina guztian zehar, Jordan ibaian hasi eta Mediterraneo itsasoraino, errefuxiatu guztiek etxera itzultzeko eskubidea bermatuz.
ELAren, CIGen eta Intersindicalen aburuz, aipatu den moduko neurririk ez dagoenez eta Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako gobernuek, espainiar Estatukoak eta Europar Batzordeak behar adineko maila politikorik ez dutenez, jendartearen mobilizazioa eta presioa erabakigarria izango da Israelgo Estatuaren aurkako neurriak derrigortzeko.