ELAk elkartasuna adierazi dio Portugalgo greba orokorrari
Portugalgo Gobernuaren lan-legeria aldatzeko proposamenen multzoa, ezartzekotan, langileen eskubideen aurkako eraso handia izango litzateke, eta soldata baxuetan eta lan-prekarietatean oinarritutako ereduan sakonduko litzateke. Sortutako aberastasuna enpresetan eta errenta altuenetan gero eta gehiago kontzentratzeko estrategia da; langileak hilaren amaierara iristeko borrokan ari diren bitartean.
Proposamenaren puntu kezkagarrienen artean daude aldi baterako eta iraupen jakineko lan-kontratuak malgutzea eta zabaltzea, kaleratzeak egin ondoren lanpostuak terziarizatzen jartzeko baimena, aldi baterako gutxieneko lan-aldia murriztea eta plataforma digitaletako langileen erregimena are gehiago ahultzen duten aldaketak, plataforma horiekin kontratuak daudela pentsatzeko aukera murriztuz. Horrez gain, ordu-banku indibidual eta kolektibo bat ezarri da, aparteko konpentsaziorik gabe lanorduak handitu ditzakeena, bai eta bularra ematen duten amen oinarrizko eskubideak murrizten dituzten neurriak ere, amatasun-baja murriztuz eta izapide burokratiko handiagoak ezarriz, seme-alabak dituzten langileen bizitzari eragiten dioten beste neurri batzuen artean.
Paketearen beste alderdi kezkagarri bat sindikalizatu gabeko enpresetan jarduera sindikalari ezarritako murrizketen multzoa da. Proposamenak, halaber, bilera-eskubidea mugatzen du, eta lan-ordutegitik kanpo soilik baimentzen du, eta enpresaren instalazioetan informazio sindikala argitaratze hutsa enpresaren baimenaren baldintzapean jartzen du.
Praktikan, aldaketa horiek gogorrago eragiten diete gizarteko sektore prekarioenei, eta emakumeen, gazteen, etorkinen eta ezegonkortasunaren eta diru-sarrera txikien eraginpean dauden lanbide-segmentuen gaineko desberdintasunak indartzen dituzte.
Europa osoan langile-klasearen eskubideen eta interesen aurkako eraso olde baten lekuko gara, eta gure erantzunak indartsua izan behar du eta izango da. Mobilizazioa eta greba beharrezko erantzuna dira, langileek bizitza hobe baten eta etorkizun duin baten alde borrokatzeko borondatea dutela erakusteko botere ekonomiko eta politikoari.
Azaroaren 8an Portugalgo kaleak hartu zituen jendetzak erakutsi zuen Portugalgo langile-klasearen borondatea kapitalaren Gobernu honen eta bere lan-erreformaren aurka borrokatzeko, baina baita soldaten, pentsioen eta zerbitzu publikoen hobekuntzaren alde egiteko ere. Abenduaren 11n borrokak aurrera jarraitzen du erasoak geldiarazteko eta lan, gizarte eta demokrazia eskubideen konkistan aurrera egiteko.
Egun horretan, eta guztieta, ELAren babesa izan dezake CGTP-INek. Une honetan, borroka berberak partekatzen ditugunon artean nazioarteko elkartasuna oso garrantzitsua da; horregatik, Euskal Herritik gure elkartasun osoa adierazten dugu greba orokorreko egun honetan.
Zuen borroka gure borroka ere bada!