Txingudiko Zerbitzuak

Lehen greba egunak jarraipen zabala izan du

2025/11/10
Lehen greba egunak jarraipen zabala izan du
Irun eta Hondarribiko urak eta hondakinak kudeatzen dituen Txingudiko Zerbitzuak enpresako langileek grebara jo dute, enpresa hitzarmenaren negoziaketa oztopatu eta blokeatzen ari delako. ELAk salatu du enpresak hitzarmenaren negoziaketa edukiz hustu izana eta adierazi du greba eta mobilizazioekin jarraituko duela langileen lan baldintzak hobetu arte.

Langileek aldarrikatzen dute erosahalmenaren berreskurapena, hitzarmenaren iraunaldirako KPIaren goitik dauden soldata igoerak, plusak, bajak %100 osatzea baldintzarik gabe, enpresak hitzarmena aplikatzeari uztea ekiditeko klausula, ordutegi, egutegi, baimen eta lizentziekin zerikusia daukaten hainbat hobekuntza, telelana arautzea, taulan baliokideak diren kategorien ekiparazioa eta azpikontratazioa mugatzea, besteak beste.

Enpresaren jarrera hasieratik negoziaketa atzeratu eta oztopatzea izan da, baina ekainaren 13ko azken mahai negoziatzailean gertatutakoa oso larritzat jotzen du ELAk. Izan ere, enpresak negoziaketa edukiz hustu zuen Administrazio Kontseiluak ezarritako irizpideak aitzakiatzat hartuta soldata bezalako gai estruktural eta garrantzitsuak, negoziazio esparrutik atera zituen. Enpresak Udalhitz edota Irungo Udaleko akordio ezberdinak erreferentziatzat dituela esan arren, langileen soldatak Irungo Udaleko soldatetatik oso urrun daude.

ELAk langileekiko errespetuz eta arduraz jokatu eta edukiz betetako negoziaketa aurrera eramateko exigitzen dio enpresari, eta Irun eta Hondarriiko Udalei zentzu honetan bultzatzeko eskatzen die. Bien bitartean, greba eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko du langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortu arte. Zentzu horretan, azaroaren 24, 25, 26, 27 eta 28rako grebara deitu du, eta erantzunik ezean, grebak eta mobilizazioak areagortzen joango dira.