Asunción Klinika publifikatzea eta langileak subrogatzea eskatu dute
Manifestazio batek Tolosako kaleak zeharkatu ditu, Tolosaldearentzat % 100 publikoa izango den ospitalea aldarrikatzeko eta Asuncion Klinikako langile guztiak ospitale berrian subrogatuko direla bermatzeko. Gaur egun, Asunción Klinikako langileek zerbitzu publikoa ematen dute, eskualdeko ospitalea balitz bezala funtzionatzen baitu; Osakidetzako langile publikoak izan beharrean, ordea, pribatizatuta daude eta, ondorioz, lan baldintza eskasagoak dituzte.
Osasun sailburuak enpresa batzordeari Tolosan eraiki nahi duten ospitale berriari buruz emandako informazioaren arabera, ez dago bermatuta % 100 publikoa izango denik, ezta aldarrikatzen dituzten zerbitzu guztiak dituen eskualdeko ospitalea izango denik ere, besteak beste, Donostialdea ESIren adar bat izango den bereizmen handiko anbulatorio baten itxura duelako.
Gauzak horrela, Asuncion Klinika publifikatzeko eskatu diote Osasuneko sailburuari, ospitale berrian eman nahi duten zerbitzurako eraikin bat egon badagoelako gaur egun, alegia ez da behar beste bat. Ez bada hori errespetatuko, egungo plantilla Tolosan eraikiko den ospitale berrian subrogatuko dela bermatzeko eskatu dute.
Hala ere, eta Osasuneko sailburuak enpresa batzordeari eman dion informazioa eta haren adierazpen publikoak kontuan hartuta, gaur egun Asuncionen lan egiten duten 350 pertsonek ez dute bermatuta haien jarraipena. Azpimarratzekoa da langile horietako asko urte luzez aritu direla eskualdeari zerbitzu publikoa ematen, pribatizatuta eta egoera prekarioetan.
"Sailburuordeak ahoz mahai gainean jartzen duen proposamenak konponbide partziala eta mugatua eskaintzen du, eta ez dugu ontzat ematen", salatu dute sindikatuek.