“Soldata-arrakalarekin amaitzeko urrats bat da” #Landeia #EutsiTaTira

2018/11/15
Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako Garbikuntzan lortutako akordioari esker sektorea askoz hobeto egongo da aurrerantzean beste borroka batzuei aurre egiteko

Urriaren 15ean ELAk Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako Garbikuntza Hitzarmena sinatu zuen; ELAk gehiengo osoa du sektorean. Gipuzkoako garbikuntza arduradun Amaia Pintadok irakurketa positiboa egiten du, Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) gaineko soldata igoera ezarri eta aurrera-eragin mugagabea ezartzen delako. “Soldata-igoerari esker garbitzaileen eroste-ahalmenari eutsiko zaio. Bestetik, ultraaktibitate mugagabea oso garrantzitsua da negoziazio kolektiboaren estatalizazioa baztertzeko”.

Akordioak urtebeteko indarraldia izango du. “2018ko urtarrilaren lehenetik abenduaren 31a bitartean egongo da indarrean hitzarmena. Kontutan izanda hitzarmenik gabe geratzeko arriskua desagertu dela, sektorea askoz hobeto kokatu da datorren hitzarmenaren negoziazioan beste borroka batzuei ekiteko, adibidez, soldata-arrakalari aurre egiteko”.

Amaia Pintadok azpimarratzen duenez, akordioak garbikuntza-sektoretik genero-diskriminazioak ezabatzen lagunduko du, soldata-diskriminazioak barne. “Funtsezkoa da Gipuzkoako Garbikuntza Sektorean dagoen soldata-arrakalarekin bukatzea. Bide Garbikuntzaren sektorean Eraikin eta Lokaletako Garbikuntza sektorean baina %28 gehiago ordaintzen da. Lehen sektorean langile ia denak emakumeak dira, eta bigarrenean, gehien-gehienak gizonezkoak dira. Honek urtean 5.000 eurotako aldea suposatzen du, kalean lan egiteagatik ematen diren plusak sartu gabe. Konparazio hori egiteko, kontuan hartu diren erreferentziak hauek dira: bide-garbikuntzako peoia (kale-garbitzailea) eta eraikin eta lokaletako garbitzailea. Kategoria berdinak eta lan berdinak (garbitzea). Egoera hori onartezina da, eta sektore pribatuko kontratetan zein sektore publikokoetan gertatzen da”.

ELAko arduradun honek nabarmentzen duenez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eragile ekonomiko eta politiko guztien agendan agertu behar da.

“ELAk gogor ekingo du hori horrela izan dadin. Justizia sozialeko kontua da. Hitzarmenak urtebeteko indarraldia duenez, hurrengo hitzarmenaren negoziazio-mahaia berehala eratu ahal izango dugu, eta horrela negoziazioa bizi-bizi mantenduko da hurrengo helburuari begira: soldata-arrakala berdintzea”.