Auzitegi Nazionalaren epaiak ez du bermatuko soldata-taulak EAEn aplikatzea monitore kategoriako kontratatu berriei

2017/11/30
Auzitegi Nazionalaren epaiak ez du bermatuko soldata-taulak EAEn aplikatzea monitore kategoriako kontratatu berriei
Sukaldaritzaren estatu-hitzarmenaren monitore-kategoriaren aplikazioa zela-eta, CCOOek eta UGTk aurkeztu zuten gatazka kolektiboaren aurrean Auzitegi Nazionalak eman duen epaiak ez du bermatuko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako soldata-taulak pertsonal horri aplikatuko zaizkionik; eta beraz, estatu-hitzarmenaren ondorioz kategoria horretako soldata %50eraino murriztu daiteke EAEn, probintzia-mailako ostalaritza-hitzarmenetan ezarritakoen aldean.

Epaiaren arabera, Sukaldaritza Kolektiboaren Estatu Hitzarmena indarrean sartu ostean kontratatu diren monitoreei honakoa gertatuko zaie: enpresetan hitzarmen kolektibo bat indarrean bazegoen (ostalaritzaren probintzia-hitzarmenak), hitzarmen hori aplikatuko zaie, eta ez estatu-esparruko Sukaldaritza Kolektiboarena. Salbuespen hori luzatuko da probintzia-hitzarmenan indarrean dirauen artean.

Ondorioz, enpresek ezin izango dute monitoreen taula berria aplikatu, kasuan kasu aplikagarri den probintzia-hitzarmenaren indarraldia amaitu arte.

Gure lurraldeen kasuan, egoera honelakoa da:

  • Nafarroan hitzarmena indarrean zegoen sinatzeko unean, eta indarrean darrai; beraz, monitoreei Nafarroako Ostalaritza-hitzarmenaren soldata-taula aplikatu behar zaie.
  • Gipuzkoan hitzarmena ez dago indarrean, hortaz, eskala berria aplikatu liteke.
  • Araban hitzarmena ez dago indarrean, hortaz, eskala berria aplikatu liteke.
  • Bizkaian zalantzak daude, estatuko sukaldaritza-hitzarmena lehenago sinatu da, probintziako ostalaritza-hitzarmena baino, baina geroago argitaratu. Bizkaiko Ostalaritza Hitzarmena inpugnaturik dago, baina judizioa beste inpugnazio baten ebazpenaren zain dago, ELAk estatuko Sukaldaritza Hitzarmenaren kontra jarritako inpugnazioaren ebazpenaren zain, hain zuzen.

CCOOek eta UGTk sinestarazi nahi izan digute monitoreen soldatak epai horren bidez bermatuko zirela, eta ez da horrela izan. Estatuko Sukaldaritza Hitzarmen berria baino lehenagotik probintzia-hitzarmen bat indarrean zuten probintzietan tokian tokiko hitzarmenaren arabera ordaindu beharko dute, baina indarrean dirauen artean bakarrik. Behin indarraldia amaitu ondoren, taula berriak aplikatuko dituzte.

CCOOek eta UGTk estatu-hitzarmen hori sinatzean, soldata-eskala bikoitzak sortu dituzte. Eta EAEko kasuan, monitoreen kategoriako soldata %50eraino murriztuko zaie kontratatu berriei. Hitzarmenaren aplikazioa eskatuz euskal langileak nahastu nahi dituzte, soldata-murrizketak eta soldata-eskala bikoitza mantenduko baitira.

ELAk eta LABek izenpeturiko Ostalaritzaren Esparru Akordioak, ordea, hiru herrialdeetako ostalaritza-baldintzak bermatzen dizkie langile guztiei, sartu berriei ere bai. CCOOek eta UGTk, ordea, inpugnatu dute, euskal langileak estatu-hitzarmenaren menpe utziz, eta haien lan- eta diru-baldintzak galtzeko zorian lagaz.

Beraz, ez epai horrek, ezta CCOOen eta UGTren orain arteko pausoek ere, ez dituzte bermatu Hego Euskal Herriko langileen lan-baldintzak.

ELAk negoziazioko euskal esparrua aldarrikatzen du, hori baita aukera bakarra lan- eta diru-baldintzak mantentzeko eta hobetzeko.