DONOSTIAKO GARBIKUNTZA

Donostiako Udalak ez du bete langileen arteko soldata arrakalarekin amaitzeko akordioa

2026/05/22
Donostiako Udalak ez du bete langileen arteko soldata arrakalarekin amaitzeko akordioa
ELAk salatu du Donostiako Udalak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuaren plegu berriek ez dutela 2024an adostutakoa bermatzen, eta mobilizazioak iragarri ditu zuzenketarik ezean.

ELAk salatu du Donostiako udal eraikinetako garbiketa zerbitzuaren plegu berriek ez dutela bermatzen soldata arrakala amaitzea, eta 2024an azpikontratatutako langileekin lortutako akordioak urratzen dituztela.

Gizatzen enpresak kudeatutako garbiketa zerbitzuan sortu zen gatazka; izan ere, 180 langiletik 60ri lan baldintza desberdinak aplikatzen dizkie, eta horrek diskriminazio egoera eragin du. Akordioaren bitartez lortu zen plantilla zati horrentzat %27ko soldata igoera eta langile guztientzat lan baldintzak parekatzea.

Zerbitzuaren adjudikazio berriaren bidez gauzatu behar zen konpromisoa, diru publikoz finantzatutako kontratua delako. Hala ere, ELAk salatu du 2026an berriz adjudikatzeko argitaratutako pleguek ez dutela adostutakoa betetzeko berme nahikorik eskaintzen, eta akordioa aplikatzea zailtzen duten elementuak jasotzen dituztela.

ELAren arabera, Donostiako Udala lizitazioa erabiltzen ari da zerbitzua merkatzeko langileen baldintzen kontura, bereziki sektore feminizatu batean. Sindikatuak uste du hartutako konpromisoa ez dela bete, eta horregatik pleguak zuzentzea exijitu du. Era berean, ohartarazi du ez duela atzerapausorik onartuko eta mobilizazioak egingo dituela pleguak zuzendu eta soldata arrakala benetan amaitzen ez bada.