TXINGUDIKO ZERBITZUAK (IRUN ETA HONDARRIBIA)

ELAk akordioa lortu du 182 greba egunen ondoren

ELAk akordioa lortu du 182 greba egunen ondoren
Borrokaren ondorioz, hasieran ezinezkotzat eta legez kontrakotzat jotzen ziren neurriak adostu dira, eta langileen lan-baldintzak Irungo Udaleko langileen baldintzetara nabarmen hurbilduko dira.

Txingudiko Zerbitzuak enpresa publikoko langileek akordioa lortu dute 182 greba eguneko borrokaren ondoren. Irun eta Hondarribiko uraren eta hondakinen kudeaketaz arduratzen den enpresan duela urte eta erdi hasitako negoziazio prozesuak amaiera izan du gaur, 88 langileentzat hobekuntza nabarmenak jasotzen dituen hitzarmenarekin.

Lortutako neurri nagusien artean honako hauek daude:

Lanpostuen balorazioa adostu da, eta horren ondorioz, langileek batez beste %10eko soldata igoera jasoko dute, betetzen dituzten funtzioak behar bezala aitortu ondoren.


• Orain arte gaizki ordainduta edo ordaindu gabe zeuden hainbat osagarri arautu dira, besteak beste, txandakako lanaren plusak, amiantoarekin lan egiteagatiko plusak, guardiak eta bestelako osagarriak.
• Enpresako hitzarmen kolektiboa berritu da, Udalhitz hitzarmeneko hobekuntzak txertatuz eta bertako edukia aplikatuko dela bermatuz.
• Langile guztientzat %4,9ko soldata igoera adostu da, Irungo Udaleko langileen baldintza ekonomikoetara gehiago hurbiltzeko.
• Barne antolaketa hobetzeko hainbat batzorde eratzea adostu da.
• Gaixotasun egoeran dauden langileek soldatan galerarik izan ez dezaten neurriak jasotzen ditu akordioak.

Hasierako negoziazioan enpresak planteatutako neurriek %2 inguruko hobekuntza baino ez zuten ekartzen. Azkenean, ordea, langileek %15 eta %20 arteko hobekuntzak ekarriko dituen akordioa lortu dute. ELAren ustez, akordio honek mugarri bat ezartzen du Txingudiko Zerbitzuetako langileen lan baldintzen hobekuntzan, eta erakusten du helburu kolektibo argiak izatea, langileen arteko kohesioa, erresistentzia kutxaren babesa eta greba tresna eraginkorra direla lan baldintzak hobetzeko eta negoziazioak desblokeatzeko.