KUDEAKETA ZUZENEKO JANGELAK (EUSKO JAURLARITZA)

ELAk ez du sektoreko hitzarmena sinatu, langileek eskatutako gutxienekoak betetzen ez dituelako

2026/03/10
ELAk ez du sektoreko hitzarmena sinatu, langileek eskatutako gutxienekoak betetzen ez dituelako
Sindikatuaren arabera, akordioak ez du bermatzen sukalde eta garbikuntzako langileekin soldatak parekatzea, soldata igoerak mugatzen ditu eta ez du KPIari buruzko erreferentziarik jasotzen.

ELAk ez du kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmena sinatu, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako akordioak sektoreko langileek ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituela iritzita.

Sindikatuaren arabera, testuak ez du bermatzen sukalde eta garbiketako sektorearekin  soldaten parekatzea. Gainera, soldata igoerei mugak ezartzen dizkie eta ez du KPIari buruzko erreferentziarik jasotzen; ondorioz, langileek ez dute erosteko ahalmena mantentzeko bermerik.

ELAk salatu du, halaber, hitzarmenak ez duela sektorean gutxieneko lanaldirik ezartzen, eta hori funtsezkotzat jotzen du prekaritateari aurre egiteko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ratioen taula aldatu du, baina soilik haur eta lehen hezkuntzako langileentzat; bigarren hezkuntzako langileak eta officeko langileak kanpoan utzi ditu. ELAren ustez, aldaketa partzial hori ez da nahikoa.

Sindikatuak adierazi du sinatutako akordioak ez diela erantzuten sektoreko ordezkariek batzarretan ezarritako gutxienekoei, ezta greba egunetan langileek defendatutako aldarrikapenei ere.

ELAk nabarmendu du mobilizazioek azaleratu dutela sektorean indarra eta borondatea dagoela lan baldintzak hobetzeko, baina uste du sinatutako akordioak ez diela erantzuten langileen eskaera nagusiei, eta salatu du sinatzaileek mobilizazio testuinguruan akordioa ixtea erabaki dutela.