gipuzkoako ANBULANTZIAK

ELAk langileen subrogazioa exijitu du zerbitzua Osakidetzaren menpe gelditzen denerako

ELAk langileen subrogazioa exijitu du zerbitzua Osakidetzaren menpe gelditzen denerako
"Gipuzkoako anbulantzien zerbitzua publiko egitea ezin da ezkutuko EEE bihurtu, eta ezin da lan-eskubiderik urratu kudeaketa publiko baten aitzakian", gogorarazi du ELAk. Elgoibarko eta Tolosako bizi-euskarri aurreratuko anbulantzien kontratua urtarrilaren 6an amaitzen da, eta Osakidetzak kudeautko du zuzenean.

Orain arte Gipuzkoako anbulantzien zerbitzua beren gain hartu duten 45 profesionalek (medikuak, erizainak eta osasun-garraioko teknikariak) salatu dute lanpostuak ez daudela bermatuta. Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki dute indarrean dagoen kontratua amaitzea eta, urtarrilaren 7tik aurrera, zuzenean Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuen kudeaketa bere gain hartzea, egungo lan-harremanari amaiera emanez. Horrek indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa ez betetzea dakar.

Euskadiko Gaixo eta Istripudunen Garraioaren Hitzarmen Autonomikoko 12. artikuluak argi dio: titulartasun edo kudeaketa aldaketetan enplegua eta lan baldintzak bermatu behar dira. ELAri bereziki larria egiten zaio administrazio publiko batek betebehar horiek saihestu nahi izatea. "Ez da arazo teknikoa, ezta juridikoa ere, borondate politiko kontua baizik", dio.

Langileak zerbitzua publiko egitearen alde dauden arren, ez dute onartuko langileen kaleratzeen kontura egitea, langile horien lan eskubideak errespetatu gabe. ELAk (3 ordezkari) hilabeteak daramatza informazioa, elkarrizketa eta gardentasuna eskatzen, baina prozesua aldebakarrekoa eta opakoa izan da (azken mahai sektorialean ez zen aldaketaren berri eman). Gainera, prozesua bizkortu egin da jai egunak tarteko, sindikatuen eta gizartearen erantzuteko gaitasuna zailduz.

ELAk Osakidetzako arduradunei exijitu die indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa betetzeko, Tolosan eta Elgoibarren bizi-euskarri aurreratuko zerbitzua ematen duten langile guztien subrogazioaren bidez, hala nola publifikazio prozesu gardena, negoziatua eta benetako lan bermeekin. Helburuak lortu arte borrokan eta mobilizatzen jarraituko duela adierazi du sindikatuak.