UTE LEKEITIO GARBIA

ELAk lehen hitzarmena lortu du: soldatak %49 handitu eta lanaldia 234 ordu murriztuko da

ELAk lehen hitzarmena lortu du: soldatak %49 handitu eta lanaldia 234 ordu murriztuko da
2026-2030 aldirako hitzarmenak Estatuko hitzarmena ordezkatuko du, eta hobekuntza nabarmenak bermatzen ditu oporretan, aldi baterako ezintasunean, antzinatasunean eta baimen ordainduetan.

ELAk UTE Lekeitio Garbiako lehen hitzarmena sinatu du 2026-2030 aldirako, ordezkaritzaren %100a izanda. Akordioak Lekeitioko kale garbiketan diharduten enpresako zortzi langileei egingo die mesede, eta eredu aldaketa ekarriko du; izan ere, hemendik aurrera ez zaie Estatuko hitzarmena aplikatuko, eta euren lan baldintzak nabarmen hobetuko dira.

Hitzarmenaren lorpen nagusia soldaten %49,17ko igoera bermatua da. Akordio honi esker, ordainsari txikiena duen lan kategoriak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata jasotzeari utziko dio, eta urtean 25.508 euro kobratuko ditu. Horrela, plantilla osoaren soldatak nabarmen duinduko dira.

Bestalde, urteko lanaldia 234 ordu murriztuko da, 1.826 ordutik 1.592 ordura igaroz. Horrek lanaldiaren %14,7ko murrizketa dakar. Gainera, hitzarmenak eguneroko 20 minutuko atsedenaldia lan denbora eraginkor gisa aitortzen du.

Akordioak kontziliazioa eta atsedenaldia ere nabarmen hobetzen ditu. Oporrak 30 egunetik 35 egunera handituko dira, eta baimen ordainduak zabaldu egingo dira mediku kontsultetara joateko, senideei laguntzeko edo bestelako premia pertsonal eta familiarrei erantzuteko. Era berean, borondatezko eszedentziak arautu dira, lanpostuaren erreserbarekin, enpleguaren egonkortasuna indartuz.

Babes sozialari dagokionez, hitzarmenak lehen aldiz aitortzen du soldataren %5eko antzinatasun osagarria, metaketa mugarik gabe, eta aldi baterako ezintasun egoeretan (ABE) soldataren %100 jasotzea bermatzen du, baja medikoan dauden langileek diru galerarik izan ez dezaten.

Hitzarmenak negoziazio kolektiboa indartzen duten klausulak jasotzen ditu, hitzarmena ez aplikatzeko edo deskolgatzeko saiakeren aurrean babestuz, eta ultraaktibitatea bermatuz.