Hitzarmen berria sinatzeko akordioa lortu da
Gipuzkoako Avanza Movilidad enpresako langileek hitzarmen kolektibo berria sinatzea onartu dute, plantillaren gehiengo zabalaren babesarekin. Horrela, sei urteko negoziazioari eta 26 greba egun barne hartu dituen mobilizazio prozesuari amaiera eman zaio.
Lortutako hobekuntza nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:
• Urteko 1.592 orduko lanaldia eta “toma y deje” hurrengo lizitazioan benetako lan-denbora izateko konpromisoa.
• Erretiro partzialerako errelebo-kontratu mugagabeak.
• Inaplikazioak ezabatzea.
• Aldi baterako langileentzako lan-poltsa sortzea, haien egoera erregularizatu eta argitzeko aukera emango duena.
• Lanaldia 22 orduz murriztea, hitzarmenaren indarraldian geratzen den urte eta erdian.
• Soldata-igoerak.
ELAren ustez, hobekuntza hauek are balio handiagoa dute negoziazioaren bilakaera kontuan hartuta. Prozesu honetan, enpresak prekaritate egoerei eustea defendatu du, mutuek bajen kudeaketan esku hartzea proposatu du eta lortutako akordioak aldatzen saiatu da.
Sindikatuak nabarmendu du 26 greba egunak erabakigarriak izan direla urteetan aurrera egin ez zuen negoziazioa desblokeatzeko eta, azkenean, hitzarmenak jasotzen dituen hobekuntzak lortzeko.