Justiziak Hotel Abando behartu du kategoria profesionalen eginkizunak errespetatzera
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) arrazoia eman dio ELAri, eta sektoreko hitzarmena urratzen duten praktikak berehala eteteko agindu dio Hotel Abandori. Gizarte Arloko Salak ezartzen du zerbitzariek ez dutela sukaldaritza lanik egin behar, ezta gosari zerbitzuan ere; halaber, ezin dutela ekitaldietarako aretoen muntaketa integrala bere gain hartu, elikagai eta edarien zerbitzuari eta salmentari dagozkion eginkizunetatik harago. Era berean, zehazten du gaueko txandako harrerako laguntzaileek ez dutela logela-zerbitzuko platerik prestatu behar.
Epaiak aitortzen du enpresak hitzarmenean ezarritako eginkizunak gainditzen dituzten lanak ezartzen dituela, kategoria profesionalak lausotuz eta langileen gain ez dagozkien erantzukizunak ezarriz. Auzitegiaren iritziz, jardun horrek lan-baldintzen narriadura eta hitzarmenaren urraketa dakar.
Ebazpen honekin, EAEANk indartu egiten du ELAk urte luzez sektorean defendatu duena: kategoria profesional bakoitzak zehaztutako eginkizunak ditu, eta horiek errespetatu egin behar dira. Ezin da zerbitzaria sukaldeko langile bihurtu, ezta egiturazko lanak negoziaziorik eta ordainik gabe lekualdatu ere.
Epaia Hotel Abandoko langileen garaipen kolektibotzat jotzen du ELAk, eta uste du mugarria dela Bizkaiko ostalaritzako sektorearentzat: antolakuntza sindikala funtsezkoa da hitzarmena betearazteko eta prekarizazioari aurre egiteko. Sindikatuak jakinarazi du lanean jarraituko duela enpresak ebazpena bete dezan eta beste lantokietan hitzarmenetik kanpoko lanik ez dadin ezarri.