ELAk eta LABek auzitegietan eskatu dute Confebaskek negoziatzea, legeak agintzen duen bezala
ELA eta LAB hirutan saiatu dira Confebaskekin EAErako gutxieneko soldata ezarriko duen lanbidearteko akordio bat negoziatzen. Confebaskek, ordea, hirutan egin dio uko negoziaketa abiatzeari. Gauzak horrela, negoziazio mahaia osatzeko aukerarik ere ez da izan. Gaur, urtarrilak 20, EAEko Auzitegi Nagusiak aztertu behar izan du bi sindikatuek patronalaren aurka ezarritako demanda. Izan ere, Confebaskek laugarren aldiz uko egin dio epaiketa aurreko kontziliazio saioari.
Epaiketan ELAk eta LABek defendatu dute langileen estatutuak EAEko akordioei lehentasuna eman ondoren bi aldeek bertako hitzarmen eta akordioak negoziatzeko obligazioa dutela. Zehazki, demandan jaso bezala: “Gaur egun 84. artikuluak arautzen du erkidegoetako lanbidearteko hitzarmen eta akordioek estatukoen aldean duten aplikazio-lehentasuna (betiere baldintza onuragarriagoak ezartzen badira), eta arauaren interpretazio sistematiko eta teleologiko batek ondorio honetara garamatza: negoziatzeko betebeharra egongo da baldin eta autonomia-esparruko akordio bat negoziatu nahi bada, eta, sinatuz gero, legeak aitortzen dion aplikazio-lehentasuna izango du”.
“Patronalak sistematikoki uko egiten dio EAEn hitzarmen berriak negoziatzeari, estatu mailako hitzarmen eta akordioek langileak muturreraino esplotatzeko aukera ematen diolako”, kexu dira sindikatuak. Hala egin du Kimiketako, Enplegu Zentro Berezietako, Etxeko Langileentzako edo Euskaltegietako lehen hitzarmenak negoziatu nahi izan direnean, eta hala egiten ari da orain sindikatuek gutxieneko soldata negoziatu nahi izan dutenean ere. Confebaskek legeari muzin egin dio eta ahaztu du “demandatzaileek legitimitatea dutela autonomia-erkidegoko negoziazio kolektiboa eskatzeko” .
Patronalaren ezezkoak argudiorik gabe utzi ditu EAJ eta PSE-EE. Eusko Legebiltzarrean sindikatuek proposatutako herri ekimen legegileari ezezkoa eman zioten gutxieneko soldata ezartzeko patronalarekin akordio batera iristea bide zuzenena dela iritzita. Bada, patronalak jadanik lau aldiz egin dio uko negoziatzeari eta, hala ere, EAJk eta PSE-EEk ez dute onartu 138.495 langilek eskatu bezala gutxieneko soldata ezartzeko legezko eskumena eskatu beharra dagoela. Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (aurrerantzean ELGE) herrialdeen %90 baino gehiagok legez ezartzen dute gutxieneko soldata, patronalari soldaten egitura ezartzeko monopoliorik ezin zaiolako eman. Aldiz, diote sindikatuek, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek Confebaski monopolio hori eman nahi diote eta horregatik ez dute gutxieneko soldata ezartzeko eskuduntzarik nahi.
ELAk eta LABek uste dute epaiketak berriz ere argi utzi duela martxoaren 17ko greba orokorra ezinbestekoa izango dela enpresarien eta alderdi politikoen jarduera baldintzatzeko eta Hego Euskal Herriko langileen kohesio soziala posible egin dezakeen gutxieneko soldataren eskuduntza irabazteko.