Condesa Taldeko langileek Jaurlaritzaren ixiltasuna salatu dute

2015/02/26
Condesa Taldeko langileek Jaurlaritzaren ixiltasuna salatu dute
ELA eta LAB sindikatuek berretsi dute Condesa Taldean 800 lanpostu baino gehiago arriskuan daudela. Sindikatuok instituzioen, bereziki Eusko Jaurlaritzaren ixiltasuna salatu dute.

ELA eta LABen agiria:

CONDESAk konkurtsoa ekiditeko Bankuekin eta Arcelor Mittalekin lortutako akordioaren berri azaroaren 12an eman zigun, duela 3 hilabete eta erdi. Akordio horri esker, esan zigutenaren arabera, Bankuek finantziazioa emango zion enpresari eta Arcelor Mittalek lehengaia hornituko zion arazorik gabe.

Ordutik enpresaren aldetik ez dugu inolako erantzunik jaso. Baina zoritxarrez ez da ixilune bakarra. Duela 2 hilabete baino gehiago Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari bilera eskatu genion, baita Nafarroako Gobernuari ere, eta zain gaude oraindik. Eusko Jaurlaritzak e-mailez erantzun zigun akordioa ez zutela ezagutzen eta CONDESAren deiaren zain zeudela informazioa jasotzeko. Dirudienez, zain jarraitzen omen dute.

Hori da prozesuaren hasieratik Eusko Jaurlaritzak hartutako jarrera: beraiekin biltzeko trabak jarri, biltzean inolako informaziorik ez eman eta irtenbidea bilatzeko paper aktibo bati muzin egin. Horixe dirudi Eusko Jaurlaritzaren rola, CONDESAko langileon arazoen aurrean, pasibotasuna.

Langileekiko errespetu falta izugarria da, zergen bidez ordaintzen baitiegu. Baina argi utzi digute ez daukatela inolako borondate politikorik herri honetako langileei irtenbideak eskaintzeko. Ez daukate inolako alternatibarik ezta politika industrialik ere. Eta hori, ELA eta LABen ustez benetan larria da.

ELA eta LAB ez gaude prest geldirik egoteko 800 lanpostu baino gehiago eta Euskal Herriko zenbait lantegi garrantzitsu jokoan daudenean. ELAk eta LABek instituzioei, bereziki Eusko Jaurlaritzari, mezu argia helarazi nahi diegu: ez dugu beraien ixiltasuna onartzen. Egoera honi irtenbidea bilatzeko esku hartu behar dute, langileon enplegu eta lan baldintzen defentsa posizio irmoa erakutsiz.