Jaurlaritzak Lanbiderako proposatu duen aurre akordioa onartezina da

2015/07/09
Jaurlaritzak Lanbiderako proposatu duen aurre akordioa onartezina da
Arazo nagusientzako ia irtenbiderik ematen ez duen eta 190 langileren kaleratzea ahalbidetzen duen dokumentu zehatzgabe honen inguruko argibiderik ez du eman Gobernuak, eta gainera inposatutako Lanpostu zerrenda baten onarpenaren berri eman digu.

Gaurko mahai sektorialean, berriro ere sindikatuen eskaerak entzutera mugatu da Gobernua. Gainera,  Lanbiderako behin betiko Lanpostu zerrenda aldebakarrez inposatuko duela jakinarazi du. Argi dago Sailburu aldaketarekin ez direla ohitura txarrak aldatu.
Toña sailburuak batzorde teknikoa sortu zuenean ELAk adierazi zuen beldur zela Jaurlaritzaren helburua ez ote zen langileen mobilizazioak indargabetzea izango... Tamalez, Jaurlaritzak zikin jokatu du berriro, baita Toña Kontseilariaren eskutik ere. "Lantalde Teknikoa" delakoaren helburua, langileen eta sindikatuon artean zatiketa eta desmobilizazioa eragitea izan da.
Ekainaren 2ko batzorde teknikoaren bileran, hots, izan zen azkenekoan, Zearreta sailburuordeak "batzordearen" beste bilera bat agindu zuen hurrengo asterako. Bilera hori ez zuen deitu, ELAk idatziz galdatu arren, atzeratzen ari zela ikusirik. Noiz erantzun zuen? Behin Lanbideko hauteskunde sindikalen ostean, eta "batzorde teknikoaren" bilera ukatu zigun Zearretak, baina bien bitartean, Toña jaunak bitariko bilera “luze eta egokiak” ari zen egiten beste hiru sindikatuekin (ELA ez dute deitu ere egin, behar bada gobernuak bazekielako inola ere ez zuela horrelako akordiorik onartuko). Beraz, bilerak batzorde teknikotik eta negoziazio-mahaitik at egin ziren batzar hauek, eta langileen kolektiboari bizkar emanez.

Orain ezagutu dugu bilera horien emaitza, onartu ezineko akordio bat, zeinak  ez dakarren inongo zehaztasunik, ez eta konponbide egokirik Gobernu honen eta aurrekoaren kudeaketa negargarriak, Lanbideko langileei eragindako arazo gehienetarako. Areago:

* Lanbideko 190 langile kaleratzea ahalbidetzen du.

* Soilik langileen parte baten soldaten auziari erantzuten dio, baina soldata-eskala bikoitza eraginez:  hau da, lan berbera egin arren, langile batzuek beste batzuek baino soldata txikiagoa jasoko dute.

* Lanpostuak hatzamarraren teknika erabiliz esleitzen ditu, negoziazioari bizkarra emanez.

* Tokian tokiko bulegoetako lanpostuak murrizten ditu, lanez gainezka dauden arren...

Horregatik guztiagatik, gaurko mahai sektorialean ELAk erabateko aldaketa exigitu du gatazkaren konponbiderako. Sindikatu honek beste akordio bat nahi du, soldatak mantendu eta soldata-eskala bikoitzak ekiditeko, inor ez kaleratzeko. Halaber, plantillaren ordezkariekin lanpostuetarako atxikipen prozesu negoziatu bat abiatu behar da, hala nola tokian tokiko bulegoetan lanpostu nahikoak ezartzea, kalitatezko zerbitzu bat bermatu ahal izateko.

Sintonia ezaren aurrean, dokumentuaren inguruan plazaratutako zalantzak argitzeari uko egin, eta  bilera teknikoekin jarraitzea proposatu du Gobernuak. Bilera tekniko hauek sindikatu bakoitzarekin banaka izatea proposatu du Gobernuak eta honen aurrean ELAk bilera hauek sindikatu guztiokin

batera izatea proposatu duen arren, ezezko borobila jaso du. Egoera honen aurrean, ELAtik bilera hauetan parte hartzea baloratuko du administrazioaren aldetik une bakoitzean ikusten dugun negoziatzeko borondatearen arabera eta kolektibo ezberdinen interesen defentsa helburu izanik.
Lanpostu zerrendaren aldebakarreko  inposaketaren jakinarazpenak zalantza larriak sorrarazten badizkigu ere, ELAtik ahalegin guztiak egingo ditugu egindako proposamena aldatu ahal izateko  eta langilegoaren mobilizazioa balizko bihurtzeko, mobilizazioa hau baita, aldaketa saikaera hau posible egiten duena.