ELAk esparru-akordio bat proposatu du, astelehenetik larunbatera doan lanaldia ezartzeko, eta igande zein jai-egunetan ez irekitzeko

2018/10/26
Era berean, Estatuan gobernu-aldaketa izan denez, Nafarroako Gobernua premiatu du merkataritza-ordutegien eskumena berreskuratzen ahalegintzera.

Merkataritza Kontseiluaren gaurko bileran ELAk esparru-akordio bat proposatu du, denda eta erostetxe handietarako, lanaldia astelehenetik larunbatera mugatzeko, eta berariaz igande eta jai-egunak kanpo uzteko.

ELAren proposamen horrek, enpresarien eta sindikatuen gehiengo nahikoa bilduko balu, sektoreko enpresa guztietan izanen luke eragina, zeren hitzarmen kolektibo baten indar eta eragin berbera izanen bailuke.

Horrela, irekieren aldeko enpresei eragotziko zaie bertzeren konturako langileak kontratatzea, eta baita ohikoak edo unean uneko langileak kontratatzea ere. Neurri horrek igande eta jai-egunetako irekierak behingoz bukatzea ekarriko luke. 

ELAk gainerako sindikatuei eskatu die elkarlanean aritzeko, esparru-akordio horren alde. Era berean enpresarien ordezkaritzari ere, baina bereziki irekieren aurka omen daudenei, abagune honetaz baliatuz negoziazio-mahai batean lehenbailehen biltzeko eskatu die. Bertzalde, Nafarroako Gobernuari ere eskatu dio bultzatzaile-papera hartzeko, akordioa errazte eta sustatze aldera.

Egia errateko, legealdia agortzear dago, eta adierazpen hutsez haraindi, ez da ia aitzinamendurik egin igande eta jai-egunetako irekieren arloan. Alde horretatik oroitu beharrekoa da akordio programatikoa, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak izenpetu zutena, non berariaz igande eta jai-egunetan 0 irekiera sarturik zegoen.

Azkenik, eta Estatuan gertatu den gobernu-aldaketa ikusita, Nafarroako Gobernua premiatu dugu merkataritza-ordutegien gaineko eskumena berreskuratzeko izapideak egin ditzan, Nafarroari dagozkion eskumenen aldeko apustua eginez.