ELAk Iruñea eta Gasteizko gobernuei LOMCE ez aplikatzeko Estatuarekin konfrontatzea eskatzen die
ELAk etsipenez ikusten du Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jarrera gaur Espainiako Hezkuntza Ministroak erkidego ezberdinekin izan duen bileran.
Espainiar gobernuak argi utzi du “errebalidak” behin-behinean eta modu partzialean estatuko hezkuntza paktu bat lortu bitartean etengo dituen arren, LOMCE bere osotasunean aplikatzen jarraitzeko asmoa duela. Hau da, “errebalidak” behin-behinean eten arren bere horretan mantenduko dira hezkuntza erreformaren ikuspegi merkantilista, eduki atzerakoiak, hamarkadak atzera eramaten gaituen ebaluazio sistema eta pedagogia, ikasleen segregazioa, gure eskuduntza eta hezkuntza sistemaren gaineko kontrola, euskalduntzeko mugak...
Gogoratu beharrean gaude, bai Mendoza jauna baita Uriarte anderea ere, behin eta berriro LOMCEren aurka azaltzen badira ere Nafarroan eta EAEn aplikatzen ari direla. Bere horretan eta zuzenean Nafarroan eta Heziberriren bidez Eusko Jaurlaritza.
Gainera, ziur gaude balizko hezkuntza estatu-paktu batek inola ere ez liekeela erantzungo gure hezkuntza sistemak dituen beharrei. Izan ere, aurreko hezkuntza lege guztiek, bai PSOEk indarrean jarritakoek baita PPk bultzatutakoek ere, gure eskuduntzak eta hezkuntza sistema mugatu eta baldintzatu besterik ez dute egin.
Hau honela, azken urteetan behin eta berriro esan eta azkeneko aldiz pasa den urriaren 26ean adierazi moduan, ELAk Iruñea eta Gasteizko gobernuei exijitzen die LOMCEren eta Heziberriren aplikazioa bertan behera utz dezatela. Eta inoren inposaketen menpe egon gabe Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema garatzeko pausoak eman ditzatela. Gure hezkuntza sistema txikitzen duen erreforma basati honi aurre egin eta euskal herritarron interesak eta hezkuntza babesteko ELAk ezinbestekoa ikusten du estatuaren demokratikoki konfrontatzea.
Hau honela egin ezean ELAk beste hezkuntza eragileekin batera azken urte eta hilabeteetako mobilizazioei jarraipena emateko lanean segiko du.