ELAk azpikontrateetako baldintzak hobetzeko sustatu duen Herri Ekimenaren eztabaida Legebiltzarrean
ELAn argi ikusten dugu LHE horren onespenaren menpe dagoela, neurri handi batez, milaka langileren lan-baldintzak duinago bihurtzea, batez ere, euskal administrazioetarako lan egiten duten langileenak. LHEren bidez subrogazio-eskubidea eskatzen dugu (hau da, langileak bere lanpostuan eta baldintzetan jarraitzea, nahiz eta enpresa azpikontratatuaz aldatu), lantokitik hurbilen dagoen hitzarmena aplikatzea (hau da, hemengo hitzarmenak aplikatzea), eta puntu horiek betetzen ez dituenari zigorra ezartzea, zerbitzu azpikontratatua kentzea ere barne.
Jendaurrean agertu nahi ditugu gure ondoeza eta sumindura, legebiltzarrean ordezkaturik dauden alderdi gehienen jarreragatik. Izan ere, salbuespena EH-Bildu eta PSE izan dira, hasieratik LHEren eskakizunekin bat egin baitute; baina gainerakoek (PP, EAJ eta UPyD) prozesua lardaskatu eta atzeratu besterik ez dute egin, gaiari behar bezala ez ekiteko aitzakia guztiak bilatuz.
Legebiltzarreko ibilbide luze horretan zehar argi geratu da ez dagoela eskumen-arazorik, borondate politikoaren kontua dela frogatu da; bestela esanda, legebiltzarrean ordezkaturik dauden taldeen esku dago langile azpikontratatuen lan-baldintzak duinago bihurtzea edo ez. Aukera aparta hitzetatik egintzetara pasatzeko. Ez dago aitzakiarik, kontua da nahi izatea edo nahi ez izatea. Legebiltzarkideok, ez galdu oraingo aukera hau.