Gehiengo sindikalak greba deitu du azaroaren 3, 4 eta 5erako

Nafarroako hezkuntza publikoko gehiengo sindikala ordezkatzen duten STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek Lanbide Heziketak bizi duen muturreko egoera salatu dute, Lanbide Heziketaren Lege berria baliabide nahikorik gabe eta irakasleekin negoziatu gabe ezarri ondoren larriagotu egin baita.
Gaurko prentsaurrekoan, lan-gainkarga, proiektuetarako ordu falta, ratio handiak, erantzukizunetarako ordu-hornidurarik eza eta LH Dualaren ezarpena salatu dituzte, langile eta bitarteko egokirik gabe. Lantokiko Heziketarako eta Goi Mailako proiektuetarako orduak kendu izana ere salatu dute, horrek eragin zuzena baitu hezkuntzaren kalitatean.
Hezkuntza Sailak ez ditu aintzat hartzen irakasleen aldarrikapenak, eta enpresa-ikuspegia lehenesten du, hurrengo LH 2030 Foroan bezala, ikastetxeen eta ikasleen benetako beharrei heldu gabe.
Nafarroako Gobernuak erantzunik eman ez duenez eta mahai sektorialean negoziaziorik irekitzeari uko egin dionez, gehiengo sindikalak hiru greba-egun deitu ditu azaroaren 3, 4 eta 5erako Lanbide Heziketako ikastetxe guztietan, araudi adostu bat eta kalitatezko LH bermatzeko beharrezko baliabideak lortzeko, eta ohartarazi du, egoera konpondu ezean, mobilizazio gehiago egingo direla.