Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Gizonek indarkeria matxisten erreprodukzioan eta desaktibazioan duten paperaz hausnartuko du ELAk

2025/11/18
Gizonek indarkeria matxisten erreprodukzioan eta desaktibazioan duten paperaz hausnartuko du ELAk
Datorren azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, ELAk arreta jarri nahi du sarri isilarazia eta funtsezkoa den gai batean: gizonek indarkeria matxisten erreprodukzioan eta desaktibazioan duten papera eta zuzeneko erantzukizuna.

Indarkeria matxistak gure bizitzak, harremanak eta erakundeak zeharkatzen ditu. Horregatik, aurten gaiari etxe barruan heltzea erabaki du ELAk, sindikatuko gizonei zuzendutako hausnarketarako gune espezifiko bat irekiz, pribilegioak, isiltasun-itunak eta desberdintasunari eusten dioten dinamikak zalantzan jartzeko.

Horretarako, Joseba Gabilondo (Hiruki Larroxa) izango da dinamika hau landuz eta dinamizatuz. Kontzeptu garrantzitsuen inguruan hausnartuko da, hala nola, boterea, maskulinitateak, gizonen erantzukizun politikoa begirada feminista batetik, gizonak borroka feministan interpelatzeko beharra, kultura patriarkala sindikalismoan erreproduzitzen den modua etab.

ELA bezalako sindikatu misto batean, barne-eraldaketa funtsezkoa da sindikalismo benetan feminista eraiki nahi bada. Beraz, Azaroak 25 honek aukera emango dio ELAri norabide horretan sakontzeko, barrurantz begiratuz, modu kolektibo eta zintzoan. 

Urtero bezala, ELAk dei egiten du Euskal Herrian deitutako mobilizazio feministetan parte hartzeko. Hauek izango dira egun horretan egongo diren manifestazioak: 

- Baionan, 18:30etan Geltokitik. 

- Bilbon, 19:00etan Jesusen Bihotzetik. 

- Donostian, 19:00etan Bulebarretik.

- Gasteizen, 19:00etan San Anton Plazatik.

- Iruñean, 19:00etan Gaztelu Plazatik.