Patronala ez da aurkeztu negoziazio mahaira
ELAk salatu du Gipuzkoako egoitzetako patronalek bertan behera utzi dutela gaurko aurreikusita zegoen negoziazio bilera, "helarazi beharreko informazio faltagatik". Egoera horren aurrean, ELAk aldebiko bilera bat deitzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari gatazkari irtenbide bat bilatzeko, Podemosekin adostutako aurrekontu-akordioan aurreikusi zuten bezala.
Akordio horretan jasotzen denez, "Aldundiak hitzematen du hitzarmen sektorial bat sustatuko duela egoitza eta eguneko zentroetarako, eta bilera paraleloak egingo dituela ordezkaritza sindikalarekin eta patronalarekin". Gainera, akordioak jasotzen du 10 milioi euro bideratuko direla Gipuzkoako erresidentzien hitzarmen berrirako.
ELAren arabera, "patronala pultsuan jokatzen ari da instituzioarekin eta argi utzi du ez duela negoziatzeko inolako borondaterik. Gero eta argiago dago egoiliarrek eta langileek ez dutela axola. Patronala etekin ekonomikoak handitzera eta bermatzera mugatzen da".
Bien bitartean, langileek sektore mailako 16 greba egun egin dituzte eta sei egoitza 80 egun bete dituzte greba mugagabean.