Bilboko JM ikastetxea

Justiziak ebatzi du 59 langileren kaleratze kolektiboa nulua dela

Justiziak ebatzi du 59 langileren kaleratze kolektiboa nulua dela
EAEko Auzitegi Nagusiak ELAren helegitea aintzat hartu du eta enpresa taldearen zein ERE prozesuaren irregulartasunak agerian utzi ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (TSJPV) arrazoia eman dio ELAri eta baliogabetu egin du Bilboko JM ikastetxea kide zuen Bidaide Fundazioak bultzatutako kaleratze kolektiboa. Epaiak atzera bota du aurretik Merkataritza Epaitegiak emandako autoa, eta 59 langileren kaleratzeak nuluak direla ebatzi du. 

Epaiak agerian utzi du 59 langile hauen kaleratze prozesua iluna, fede txarrekoa eta negoziatu gabekoa izan dela. ELAk hasieratik salatu ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Bidaide fundazioarekin enpresa taldea osatzen duten enpresa kide desberdinen jarrera irregularrak eta ardura gabeak. Hala nola, familien egonezina sortu zuen fusio saiakera iluna eta gaizki kudeatua, ikastetxea definitiboki ixtera kondenatu zuen ikasleen matrikulazio desbideraketa edota prozesu guztian zehar enpresa taldea zegoela ezkutatu nahi izana. “Guztia Eusko Jaurlaritzaren onespenarekin eta konplizitaearekin”, dio sindikatuak.

Ezkutatu nahi izan duten enpresa taldea

Epaiak dio enpresa-talde bat existitzen dela lan-ondorioetarako. Zehazki, ondorioztatzen du Bidaide Fundazioa eta berau osatzen zuten bi ikastetxeren eraikinen jabe diren bi kongregazioak (JM kongregazioa eta karitateko ahizpen kongregazioa) egitura bereko parte direla. Horrela, erantzunkizun solidarioa ezartzen die guztiei. Kaleratzea nulutzat jotzeko arrazoietako bat izan da errealitate hau ezkutatu nahi izan dutela, eta honela negoziazio erreal bat eragotzi dutela.

Ikastetxea ixteko erabakia hartuta zegoen

Epaiak  dio ikastetxea ixteko erabakia kaleratzeak ekiditeko negoziaketa aldia hasi aurrekoa zela. Izan ere, langileei eta familiei itxieraren eta kaleratzeen berri eman baizitzaien negoziaketa aldia hasi baino hilabete lehenago. Honek beste irtenbide batzuk aktibatzeko aukerak zapuztu zituen. Kaleratzea nulutzat jotzeko beste arrazoia izan da hauxe, kaleratzeak ekiditeko aukerak negoziatzea izan beharko litzatekeelako negoziaketa prozesuaren helburua.

ELAren ustez, epai honek berretsi egin du sindikatuak hasieratik salatu duena: Bidaidek eta lotutako kongregazioak modu irregularrean jokatu dute, eta langileen eskubideak urratu dituzte. Eta hau guztia Eusko Jaurlaritzaren onespenarekin eta kolaborazioarekin.