Sektore publikoa - euskara

Sektore publikoan euskaraz lan egin eta zerbitzua jasotzeko eskubidea bermatzeko kanpaina martxan jarriko du ELAk

2025/11/20
Sektore publikoan euskaraz lan egin eta zerbitzua jasotzeko eskubidea bermatzeko kanpaina martxan jarriko du ELAk
'Euskaraz lan eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez’ izango da kanpainaren leloa. Alderdi politikoak eta erakundeak interpelatuko ditu sektore publikoa euskalduntzeko neurriak har ditzaten. Abenduaren 16an Iruñean eta abenduaren 17an Gasteizen egingo dira mobilizazioak.

Sektore publikoan euskaraz lan egin eta euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko lanean jarraitzen du ELAk, eta oraingoan beste kanpaina bati ekingo dio, LABekin elkarlanean. Hego Euskal Herriko sektore publikoko esparru guztietara zabalduko da kanpaina, mobilizazioekin eta honako leloarekin: 'Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez’.

Honako hauek dira aldarrikapen eta helburu nagusiak:

  • Hego Euskal Herrian epai euskarafoboak gaitzestea eta euskarak bizi duen diskriminazioa salatzea eta atzera botatzea.
  • Nafarroan, euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea.
  • Nafarroan, hizkuntza eskakizunak handitu behar dira hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta euskara eskatzen ez den lanpostuetan, merezimendu bezala kontuan hartu beharko da gutxienez.
  • EAEn, euskara eta gaztelaniaren eskakizuna parekatzea.
  • EAEko administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak ezartzea. Euskalduntzeko euskara planak eta formakuntza ibilbide pertsonalizatuak adostuz, lanpostu guztiei euskarazko hizkuntza eskakizuna zein derrigortasun data esleituta (erretiroak eta euskara ikasteko arrazoizko epeak kontuan edukita).
  • Berme juridikoak behar dira. Horretarako ELAk alderdiei zein erakundeei eskatzen die helburu horiek bermatzeko erabakiak hartu eta legeak aldatzea.

Hego Euskal Herriko administrazioak eratu zirela 40 urte igarota, sektore publikoko langileek eta herritarrek ez dute hautazko hizkuntzan zerbitzua bermaturik; soilik gaztelaniazko zerbitzua bermatzen da. Egun indarrean dagoen araudiarekin langile eta herritar euskaldunak bigarren mailako herritarrak dira. ELAren iritziz, bada garaia bi hizkuntzek estatus juridiko bera izan dezaten eta euskarak gaztelaniaren menpeko hizkuntza izateari utz diezaion.

Espainiako epaitegi eta sindikatuak nahiz alderdi politikoak oldarraldi betean ari dira euskara bigarren mailako hizkuntza izan dadin eta gaztelaniaren inposaketa normalizatzeko. Hizkuntza eskubideak lanarekin kontrajarria bailira bezala argudiatzen dute.

Alderdi eta sindikatu horiek dira behin-behineko langileen egoeraren arduradun. ELAk egonkortu nahi ditu langile horiek, eta hizkuntza eskubideak errespetatu, arrazoizko epeak ezarrita administrazioak erabat euskaldundu daitezkeelako; baita egun euskara ezagutu gabe lanean ari diren langile guztiak kontuan hartuta ere, batzuei erretiroa hartzen utzita eta besteei ikasteko aukera errealak eskainita.

Mobilizazioak

ELAk hainbat mobilizazio egin ditu orain arte aldarri horiekin, hala nola urriaren 2an Gasteizen Legebiltzar aurrean egindakoa. Orain, LABekin elkarlanean, abenduan berriro aterako da kalera: Abenduaren 16an Iruñean, Parlamentuaren aurrean kontzentratuko dira 11:00etan; eta abenduaren 17an Gasteizen manifestazioa egingo dute 11:00etan Bilbao plazatik abiatuta, Legebiltzarrean bukatzeko. Mobilizazio hauek jarraipena izango dute hurrengo aste eta hilabeteetan.