ARABAKO OSTALARITZA

ELAk hitzarmen berria sinatu du

2026/01/22
ELAk hitzarmen berria sinatu du
2020. urtetik galdutako erosahalmena berreskuratzea, hurrengo urteetan KPIaren gaineko soldata igoerak eta 1.744 orduko lanaldia jasotzen duen hitzarmena lortu du ELAk Arabako ostalaritzan.

ELAk, %40ko ordezkaritzarekin, Arabako Ostalaritzako hitzarmen kolektiboa berritzeko akordioa sinatu du 2025-2028 urteetarako. 2020. urtetik sinatu gabe zegoen akordioa, eta geroztik galdutako KPIa berreskuratuko da (%17,6). Gainera, lehen aldiz sektorean inaplikazio klausula jasoko da eta, beraz, aplikazio bermeak izango ditu (lehen aldia ere Arabako Patronalak halakorik onartzen duela). Gainera, 2025eko abendutik soldatak %14 eguneratuko dira, hurrengo urteetarako KPIaz gaindiko soldata igoerak (2026 KPI+0,5; 2027 KPI+1,5 eta 2028 KPI+1,6koak), lanaldi murrizketa, “riderrak” eta hoteletako garbitzaileak hitzarmenean sartuko dira.

Hobekuntza horien adibide bat jartzearren, sukaldari laguntzaile batek (IV maila duenak) orain arteko 1.333,45 € gordin kobratzetik, 1.520,13 € gordinetara pasako da 2025eko abenduaren 1etik aurrera; edo kamarero batek (III maila) 1.417,31 € beharrean jasoko ditu 1.615,73 €.

Gainera, pandemia garaian asko sufritutako sektore honek bermatuta ikusiko ditu lan baldintzak inaplikazio klausulari esker. Sektore honetan garrantzi berezia du horrek; taberna batzuek esan baitzuten ez zituztela soldatak igoko.

Lanorduei dagokionez, 1.744 ordutara murriztuko da jarduna; lege bidez lan jardunaldi murritzagoa arautzen bada, hori aplikatuko zaie.

Gainera, “riderrak” eta hoteletako garbitzaileak beren-beregi agertzen dira hitzarmenaren aplikazio eremuan, eta kolektibitateetako langileei, hala lortzen bada, EAEko euren hitzarmen kolektibo propioa aplikatuko zaie.