Grebalariek izar morez beteko dute Donostia, Zaintzaldian
Donostiako Zinemaldia hastear denean eta hiria izarrez beteko den honetan, ELAk gogorarazi du ustezko distiraren atzean prekaritatea gordina ere badagoela. Gipuzkoako erresidentzietara begiratzea besterik ez dago. 300 greba egunen langa gainditu dute langileek.
Gatazkak 313 greba egun bete dituenean, eta Zinemaldiaren atarian, grebalariek `Zaintzaldia´ekimena jarri dute martxan Donostiako Cervantes Plazan irailaren 17an eta 18an. Erresidentzietako langileek zein egoiliarrek bizi duten prekaritatea salatzea da helburua.
Gauzak horrela, gaur eta bihar egitarau propioa izango dute: sari banaketa egingo da; langile migratuen txokoan gida antiarrazista azalduko da; greba luzeetako grebalarien mahaingurua egingo da; eta ostiralean, gatazkaren sozializazio ekintzaren ondoren, manifestazioa egingo da Donostiako kaleetan zehar 12:30tan Cervantes Plazatik hasita. Bertan izango da ELAko idazkari nagusia, Mitxel Lakuntza.
5000 bat langilek dihardute lanean sektore honetan, gehienak emakumeak. Foru Aldundiak finantzatutako zerbitzua da, baina langile gehienak pribatizatuta daude eta gero eta prekarioagoak dira. Izan ere, langileen ia erdiek borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituzte eta soldata arrakala urtean 10.000 eurotik gorakoa da.
Langileen lan baldintzen okertze horrek zerbitzuan eragina du; izan ere, langileek ezin dute eskaini adinduek behar duten kalitatezko zerbitzua. Hitzarmenaren borroka zerbitzu hobe bat lortzeko borroka ere bada. Langile guztiek %100eko kontratuak izan ditzaten eskatzen ari dira, besteak beste, eta horrek zuzenean zerbitzua hobetuko luke, arreta ordu gehiago izango zituztelako.
Egun, negoziazio mahaiak blokeatuta jarraitzen du. Zentzu horretan, Foru Aldundiari eskatu diote “propaganda egiteari utzi diezaion eta hitzarmenaren akordio bidea jorratzeko baliabideak jar ditzala, prekaritatearekin amaituko duen hitzarmen bat lortzeko”.