“Ez dago egungo politikak aldatzeko inolako borondaterik”

2015/11/18
“Ez dago egungo politikak aldatzeko inolako borondaterik”
ELAk agerraldi publikoa egin du 2016. urterako Eusko Jaurlaritzak iragarri duen aurrekontu proiektuaren inguruan egiten duen balorazioa aurkezteko. Agerraldian idazkari nagusia –Adolfo Muñoz– eta gizarte politiken arduraduna –Mikel Noval– izan dira. ELAk salatzen duenez, aurrekontu proposamena sakon aztertu ostean, agerian gelditzen da ez dagoela egungo politika neoliberalak aldatzeko inolako borondaterik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak gastu sozialaren aurretik zorra ordaintzea lehenetsi du.

“Aurrekontu hauek –aipatzen du Novalek– bi faktoreengatik baldintzatuta daude. Lehena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak Finantzen Euskal Kontseiluan adostutako diru-bilketa iragarpena; bigarrena Espainiako Gobernuarekin zor publikoa Barne Produktu Gordinaren %0,3ra murrizteko lortutako akordioa. Bi erabaki politikoren aurrean gaude, eta erabaki horien atzean dagoena zera da: uko egiten zaiela zerga-sistema aldatzeari eta egungo politika neoliberalak aplikatzeari”.  

Gizarte politiken arduradunak azpimarratzen duenez, azken urteetan Eusko Jaurlaritzaren zorra handitu izana zerga-politika bidegabearen ondorio da. “Ez dago zerga iruzurraren aurka egiteko benetako borondaterik; errenta handien, irabazien eta kapitalaren mesedetan egindako sistema bidegabe bat daukagu; kapitalari mota guztietako abantailak eskaintzen zaizkio zergarik ez ordaintzeko –zerga-salbuespenak, zerga-arintzeak...– Horiek guztiak erabaki politikoak dira, noski”. 

Hau guztia dela-eta, Novalek ondorio argi bat ateratzen du. “Ezinbestekoa da zerga-sistemaren eta zorraren inguruko eztabaida zabaltzea, horiek baitira aurrekontu politiken gakoak”.