Eusko Jaurlaritzak Arte Ederren Museoan ez du gutxieneko zerbitzurik ezarri behar
Artelan batzuk ikusteko aukera ez dago gutxieneko zerbitzuak ezartzeko eskubideen artean; aski da 1994ko urriaren 27ko Agindua irakurtzea; honek arautzen ditu funtsezko jarduera edo zerbitzuetan greba dagoenean ezarri beharreko Gutxieneko Zerbitzuak.
Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, saihestu egin dute abiapuntua: beren ardura dira, museoaren Patronatuko kide diren aldetik, bertoko langileek pairatzen duten miseriazko baldintzak. Baldintza horiek duinagoak izan daitezen lortzeko ahalegina egin ordez greba-eskubidea (oinarrizko eskubidea) indargabetzeko eskaria luzatu dute. Gogoratu beharra dago museoko azpikontrata honetan lanaldi osoari dagokion soldatarik altuena 880 eurokoa dela (12 hilabetean, asteburu guztietan lan eginez).
Jaurlaritzak ukatu egin behar du Patronatuko kideek (gobernu bereko ordezkaria, Aldundia eta Udala) egin duten eskaria. Izan ere, kontrara erabakiz gero modu arbitrarioan jokatuko bailuke, inolako oinarri legalik gabe, eta ELAk erabaki oso larritzat hartuko luke.