UGTk eta CCOOek sinaturiko landare-kontserben estatu-hitzarmenak debekatzen du Nafarroako hitzarmen bat negoziatzea
ELAk salatu nahi du UGTk eta CCOOek sinaturiko landare-kontserben estatu-hitzarmenak Nafarroako hitzarmen bat negoziatzea debekatzen duela. Aurreko lan hitzarmenaren 10. eranskinean debekatzen zuen aparteko hitzarmen bat Nafarroan negoziatzea, eta debeku bera mantenduko da sinatu berri den hitzarmenean.
Egiatan negoziazio kolektiboaren estatalizazioa oso albiste txarra da langile nafarrendako. Estatu-hitzarmen guzti-guztiak, salbuespenik gabe, eskasagoak dira, Nafarroako hitzarmenak baino (lanaldi luzeagoak, soldata apalagoak, malgutasun handiagoa...). Negoziazio-formula horrek pobretze-bidean jarri ditu sektoreko langileak, haien soldatak Nafarroako soldaten batez bertzekotik gero eta urrutiago baitaude. Patronala eroso sentitzen da estatu-hitzarmenak negoziatzeko egoera horretan, horrela errazagoa baita lan-baldintzak okertzea. Izan ere, erabakitze-guneak lantokietatik aldentzen diren heinean, aiseago jaitsi daitezke lan-baldintzak.
Bestetik akordioak KPI beherako soldata igoerak izatea ahalbidetzen du. Akordio honek are larriagoa da jakinda Landare-kontserben sektoreko lan-baldintzak bereziki prekarioak direla: soldata xumeak, kontratazio partziala eta erabateko prestasuna. Sektore horretan aldizkako kontratu finkoa eta eskubide sozial urriak dira ohiko araua.
Sinatutako edukiarekin sektoreko lan-baldintzak berriro ere nabarmen beherago geratzen dira Nafarroako errealitatetik. Hori dela-eta, ekainaren 28ko greba egin zuten langileen itxaropenak bete ahal izateko, behar-beharrezkoa da oraingo estatu-esparrua gainditzea.
Horregatik, ELAk, Nafarroako kontserba-sektoreko ordezkaritzaren %22 izanik, landare-kontserben arloko aparteko hitzarmen bat Nafarroarendako negoziatzea eskatzen du; eta dei egiten die Nafarroako UGTri eta CCOOi probintzia-mailako hitzarmena berreskuratzera. Lehenago bageneukan horrelako bat, eta aukera ematen zigun langile nafarroi gure lan-baldintzak erabakitzeko eskubideaz baliatzeko.